GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ibon Iparragirre presoa «datozen egunetan» irits liteke Basauriko espetxera

Astebete igaro da jada, eta senideek Ibon Iparragirre euskal preso politikoaren berririk gabe jarraitzen dute. Etxeratek egoera «larri» honen berri eman eta hurrengo egunean presondegiko iturriek esan dutenez, «datozen egunetan» irits liteke Basaurira gaixotasun larria duen presoa.

GARA | BILBO

Etxerat elkarteak Ibon Iparragirre euskal preso politikoaren egoera «kritikoa» salatu eta hurrengo egunean, presondegiko iturriek atzo Europa Press agentziari azaldu ziotenez, preso ondarroarra Basauriko espetxera bidean da, eta «datozen egunetan» irits liteke Euskal Herrira.

Iturri berberek azaldu zutenez, era honetako lekualdatzeak ez dira «zuzenki edo banan-banan» egiten, «preso batzuek beste espetxe batzuetan egiten dute parada», ondorioz joan-etorri luzeek egun batzuk iraun ditzakete.

Iparragirreren senideek Etxerati azaldu ziotenez, ez dute senidearen berririk hilaren 18tik, eta hala salatu zuen elkarteak asteartean. Preso ondarroarrak gaixotasun larri eta sendaezina du, seropositiboa da eta defentsak oso ahul ditu.

Badirudi duela astebete utzi zuela Sevillako espetxea Basaurira bidean, eta ordutik ez dute inolako informaziorik. Izan ere, bere osasun egoera larria dela eta, espetxeko medikuak nahiz psikologoak espetxeko zuzendaritza ohartarazi zuten, eta espetxe aldaketa ahalbidetu zuen horrek. Aurretik, Etxeratek eta Jaiki Hadi elkarteak behin eta berriz eskatu dute Iparragirre askatzeko, beraren egoera larriaren ondorioz.

Identifikazioak Noainen

Bestalde, Noaingo festen hasieran, asteartean, txupinazoan bertan, Miguel Angel Llamas Pitu presoaren aldeko pegatinak zituzten lau pertsona identifikarazi zituen foru poliziak, GARAk jakin ahal izan duenez. Llamas Askatasunako kide izateagatik dago preso, epaiketaren zain. Era berean, herriko kaleetan zehar ere pegatinak zituzten pertsonak identifikarazten aritu zirela jakinarazi dute. Pitu-ren askatasuna exijitzeko elkarretaratzea egingo dute herritarrek ostiralean bertan.

JAZARPENAK

Askatasunako kide izateagatik preso dagoen Miguel Angel Llamas «Pitu»-ren aldeko pegatinak zituzten lau lagun identifikatu zituzten asteartean, Noainen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo