GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR Radio Shack taldeko txirrindularia

Nor bere erara

Kaixo lagunok! Jada atzean utzi dugu Salamanca, eta, hala, Galizia aldean gaude atseden egunaz gozatzen. Ikasle hiri ezagunean egin genuen erlojupekoa, eta nahiz eta denbora gehiegirik sobera eduki ez, izugarri polita iruditu zitzaidan. Baina, zoritxarrez, turismo egiteko baino pedalei eragiteko ekarri gaituzte Vueltara, eta, hasiera oso ona egin nuen arren, azken kilometroetan Oñati aldean entzuteko moduko petardazoa jo nuen. Behin atzokoa pasata, atseden egunaz gozatu eta datozen etapetan pentsatzea besterik ez da gelditzen.

Jakingo duzuenez, atseden eguna bakoitzak oso era berezian bizi du. Batzuk batere ez dute entrenatzen. Hiru ordu entrenatzen ere ikusi izan ditut beste batzuk. Aldiz, gehienok ordu eta erdi inguru entrenatu ohi dugu, eta, ostean, taldekideekin kafetxo bat hartzeko aprobetxatzen dugu. Hori bai, gaur ikusitakoak marka guztiak txiki uzten ditu. Entrenatzen ari ginela, kilometro batzuk goraka egin eta gero, pixa egitera gelditu gara. Bat-batean beste talde bateko kideak pasa dira, goraka. Haiek agurtu ostean, beraien taldekide bat ikusi dugu pixka bat atzerago. Azken txirrindulari hori agurtu eta hotelerako bideari ekin diogu. Bueltan ginela, okin baten furgoneta gerturatu zaigu, bozina jo eta jo. Atzera begiratu eta txirrindulari bera ikusi dugu furgoneta barruan; gorputz erdia leihotik kanpora zuela guri agur egiten ari zen! Suposatzen dugu bizikleta ogi artean eramango zuela; hori bai, alemaniarra izanda, ez dakigu nola demontre egin duen okinarekin tratua egiteko! Antza denez, bakarrik entrenatzeaz nazkatuta eta nagikeria gainetik kendu ezinik, eguneko matxada egitea erabaki du.

Oraindik ere pentsatze hutsarekin barreari eutsi ezinik nabil! Kontuak kontu, argi dago nork bere erara bizitzen duela atseden eguna! Hurren arte, Ametsekin uzten zaituztet!