GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Zortzigarren ilarako laugarrenean

Barrenak nahasten dizkit zinemara joatea lapurreta dela entzuteak. Apenas bi ordutan ihes egingo duen filma ikustearen truke sei euro baino gehiago ordaintzeak min ematen dio antza jende askori (larunbat gauean zortzi euroan ordaindutako kuba-libreak horrenbeste irauten ote die esku artean?).

Zinemari fidel mantentzen zaizkion horiek beste aldean. Gehienak astelehenetan edo astearteetan joaten direnak, asteburuetako jendetzatik ihesean. Besaulki berberera jotzen dute beti, zortzigarren ilarako laugarrenera. Bakarrik joaten dira asko, zinema ez baita obligazioz norbaitek lagunduta joateko lekua.

Bakarka ere joan liteke eta hori gazteek/gazteok apenas ikasi dugu. Askok zinemari zor dioten maitasuna (belaunaldi bat lehenago jaio zirenek, batez ere) eta karteldegia begiratze hutsak sortzen dien irrika, are urrunago geratzen da «Crepusculo» edo Torrenteren film berriak -McDonalds-eko hanburgesak eskuan- ikustera joaten diren gazte talde-olatu handiekiko.

Aitortzen dut buruz ikasi nuela kasik Martes y Treceren «Aquí huele a muerto» filma, eta oraindik ez diodala uko egiten noizean behin berriz ikusteari (nostalgia kontuak). Baina aitortzen dut, halaber, Zinemaldira joan nintzen lehen aldiak astelehenetan zinemara joaten diren horien irrika berbera piztu zidala, besaulki berbera aukeratzen dudala beti, eta ez nauela aspertzen egun berean Lars von Trierren, Bahman Ghobadiren edo Iciar Bollainen film bana ikusteak, edozein ordutan.

Aitortzen dut ez naizela zineman aditua, baina bizitza beste era batera erakusten duen bidea den heinean, zaletasunak beti zinemara eramaten nauela ere badakit, literaturan bezala, gizabanakoak sortu eta elkarbanatzen duen historia hutsa delako.

Aitortzen dut, baita ere, Zinemaldiak aurten gazteenganako egingo duen keinuari (sarrerak erdi prezioan, inaugurazioan eta itxialdian izan ezik) goraldia zor zaiola, krisialditik harago, zinemazaleak berreskuratzearen alde egin baitu jaialdiak. Ea iaz galdu zituen 12.000 ikusleek bigarren keinu bat egiten duten, batez ere euskal zinemari dagokionez. Eta aurrerantzean txaloak denentzat izan daitezela, Kursaalen, eta euskaraz mesedez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo