Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Eraso fisiko eta artistikoak
Bitxiak dira burmuinean sortzen diren konexio elektrikoak. Egunkarian Bilboko Aste Nagusiaren tanto-kopuru beltza irakurtzen nenbilen: emakume erail bat, bortxaketa saiakera bat eta hiru eraso homofobo, eta Bilboko Arte Eder Museora egin dit buruak salto.
Izan ere, orain hilabete batzuk museoak BBVAren maileguari esker azken hamar urteetan erositako artelanak aurkeztu zituen. 66 ziren garaikideak, 1945 eta 2007 artean egindakoak. Museoaren bilduma-ildoak, izan ere, euskal artea eta arte garaikidea dira. 66 lan horietatik hiru dira emakumeenak. Zenbaki lotsagarri txikia, kontuan izanda arte garaikidean, hain zuzen, emakumearen presentzia gero eta nagusiagoa dela, eta Euskal Herriak emakume artista bikainak dituela. Esther Ferrer, Elena Asins edo Mari Paz Jimenez, esaterako, eta hori gazteagoekin ez hastearren.
Are tamalgarriagoa da instituzio honek urtero bere txostenak pasatzerakoan, bere gainetik dagoen kultura batzordeak bazterketa lazgarri honi garrantzirik eman ez izana. Edo azken hamar urteetako banakako erakusketa guztiak, hogeita lauak, gizonezko artistei dedikatuak egon direla ikusita inork instituzioari arreta ez deitzea. Euskal arte garaikidearen zelako irudi matxista eta inposatua ari da eraikitzen museo publiko hau?
Beste konexio elektriko bat datorkit Encina Serrano PPko zinegotziaren hitzekin: Montehermosok ildoa aldatu behar duela feminismoa ez delako «denoi irekitako gaia». Argi dago ezetz. Zoritxarrez, artearen politikan emakumeon arazoak emakumeonak dira, eta ez giza antolakuntzan oinarritutako desberdintasun arazo funtsezko orokorra.