GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Zinemaldian sarrerak merkeago eta beste hainbat abantaila izango dituzte Kutxako bezero gazteek

Gazteen partaidetza bultzatzeko, eta iaz ikusle kopuruan izandako murrizketa gelditzeko asmoarekin, Zinemaldiak eta Kutxak deskontu eta abantaila bereziak eskainiko dizkiete Gaztekutxa duten bezeroei.

p040_f02_96x80.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Iazko Donostiako Zinemaldian 12.000 ikusle gutxiago gerturatu ziren hiriko aretoetara. Hori kontuan hartuz, Zinemaldiak eta Kutxak lankidetza hitzarmena izenpetu dute, eta horren arabera, Gaztekutxa txartela duten bezeroek hainbat abantaila izango dituzte Zinemaldiaz gozatzeko; sarreren salneurrian %50eko beherapena adibidez. Hortik kanpo geratuko dira, halere, hasierako eta amaierako ekitaldiak eta belodromoko emanaldiak, baina aldiko hamar sarrera edo gehiago eskuratzeagatik Zinemaldiak egiten duen %20ko deskontuarekin bateragarria izango da, guztira, %70eko beherapena egiteraino. Hala ere, Gaztekutxa 14 urtetik aurrerako gazteek eskuratu dezaketenez, haurrentzako saio berezietako sarrerek ere deskontu hori edukiko dute. Eta euskarazko azpitituluak dituzten filmetarako sarreren salneurria euro batekoa izango da Gaztekutxa duten bezeroentzat.

Horiez gain, hainbat zozketatan parte hartzeko aukera ere izango dute. Alde batetik, inaugurazio galarako bi sarrera bikoitz lortzeko aukera izango dute eta beste bi gonbidapen bikoitz amaiera-festarako. Bestetik, Belodromoan hiru dimentsiotan eskainiko den «The three musketeers» (Paul W. S. Anderson) eta «Verbo» (Eduardo Chapero-Jackson) filmak ikusteko 1.200 sarrera zozkatuko dituzte, eta azken pelikula horretako bi protagonistekin, Miguel Angel Silvestre eta Alba Garciarekin, Donostian zehar ordubeteko ibilaldia egiteko aukera ere eskuratu ahal izango da.

Belodromoan zer?

Belodromoan bost film luze eta labur bat emango dituztela jakinarazi zuen atzo Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak. «The three musketeers», «Verbo» eta Jean-Loup Felicioli eta Alan Gagnol-en haurrentzako «Une vie de chat» filmak emango dituzte bertan.

Bestalde, Zinemaldiko amaierako gala zuzenean ikusgai izango da, eta jarraian, «Intouchables» filma. Horrez gain, Zabaltegi-Perlak saileko «Drive» emango dute baita George Méliés zuzendariaren «Voyage dans la lune» (1902) filmaren kopia zaharberritua ere bai. .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo