GARA > Idatzia > Kultura

NOLA ALDATZEN DIREN KONTUAK: BOROA

Inposaketari amoniako usaina dario boroan

Baserri eta nekazari lurrak izan dira beti Zornotzako Boroa auzoan nagusi. Ezezaguna, duela zazpi urte zentral termikoa zabaldu arte, paisaiaz gain ez da gehiegi aldatu ingurua lehendabiziko begiratuan. Bertako biztanle gehienen egunerokotasunak bere horretan dirau, baina osasunerako arriskua dela-eta alde egin behar izan duenik ere badago.

p037_f01_204x113.jpg

 

Odei IRIGOIEN | BOROA

Durangoko A8 autobideko ordainlekutik pasatu ahal izateko ordaindu ostean (edo ez, aukera hori hautatzen duenik ere bada-eta oraindik), hamar bat kilometro baino ez dira egin behar Boroa auzoa ikusi ahal izateko eskuineko aldetik. Autobidetik ikusten diren beste landa eremuen aldean ez zegoen alde handirik azken hamarkadara arte, baina bi tximinia garai jarri zituzten orduan, eta auzoa ezinbestean gainerakoetatik bereizi. Etengabeko burrunba hotsa lagun, Boroako solo eta baserriak zabaltzen dira mendi magalean.

Etxebarri baserriaren parean, gazte bat zaldiekin lanean ari da landan. Bere ama atzealdean du, lanerako jantzia hau ere. Mari Karmen Urrutiri auzoari buruz galdetu orduko, zentral termikoa eta bertatik ateratzen diren goi-tentsioko elektrizitate lineaz mintzo da. Bere baserritik 150 metrora dagoen zutoinak Etxebarrin bizitzea galarazi die, gutxieneko segurtasun tartea kilometro erdikoa da-eta. «Esan digute urtean 15 egun baino gehiago hemen igarotzea arriskugarria dela. Joan den ekainaren 1ean galdu nuen auzia Auzitegi Gorenean. Jarri dute, ezin gara bertan bizi, eta gainera ez dugu inolako kalte-ordainik jaso...». 30.000 euroko kostua eragin dien prozesuak, inolako ordainik jaso gabe kalera bizitzera bidali du «hemen bost belaunaldi daroazen Urruti abizendun familia». Orain hutsik dagoen etxean «amorrua eta ezintasuna» dira nagusi.

Instituzioek zentrala «segurua eta kalterik gabea» dela esan arren, inguruko lurretan lanean aritzea arriskugarria da. «Metalezko edozerk kalanbreak ematen ditu, eta mahuka luzea erabili ezean, besoak pikortaz betetzen zaizkizu».  Txahala izan eta esnerik eman ez duten behien arazoa ere jatorri beretik ei dator. Autobideko ordainlekuko langileen esanetan, gauez garbitu ohi dituzte zentraleko tximiniak, eta «ke horiak edo marroiak» ateratzen dira bertatik gora, amoniako kiratsa airean zabaltzen den bitartean.
Auzoan ezaguna den pertsona bat Juan Ramon Dudagoitia dugu, industrialdearen aurkako borrokan zein zentralaren kontrakoan bozeramaile lanetan aritutakoa baita. Azken boladan bertan bizi ez bada ere, egunero egiten du ostera bat auzora, bere-berea sentitzen baitu. Auzoko egunerokotasunari buruz galdetuta, industrialdea eta zentrala ezarri izanak duen eragina da burura datorkion lehendabiziko kontua. Auzoa «bitan» zatituta balego bezala sumatzen dela dio, goiko aldean landa eremua eta behean «industrigune erraldoia» kokatzen direlarik.

Beraren esanetan, Boroako bizilagunek jakin badakite «zer edo zer gertatzen dela, baina ez da ikusten. Auzoko airearen kalitatea txarra zela baieztatu zen, baita Zornotzakoa ere, eta nabarmen egin duela txarrera gainera. Horrela, Bizkaiko hirugarren gune kutsatuena bihurtu gara, airearen kalitateari dagokionez». Eusko Jaurlaritzak berak baieztatu zuen airearen kalitateak nabarmen egin zuela okerrera, eta udalak «herrian egindako bidegorriekin eta Agenda 21 delako programarekin» bere burua zuritzea baino ez duela bilatu uste du.
Mari Karmen Urruti zein Juan Ramon Dudagoitia bat datoz bertako biztanleen sentipenak deskribatzerako orduan. Presentzia nabarmena daukan zentrala «hor dago, baino onartua ez, inposatutakoa izaten jarraitzen du, eta bertakook horrela ikusten segitzen dugu».
Izan ere, beste auzoetan bezala, kolore politiko guztietako jendea ei dago, eta botoa ematen jarraitzen dute, baina instituzioek sinesgarritasuna, zerbait izatekotan galdu egin dutelakoan daude. Dudagoitiak EAJ inposaketa nabarmen bat egin izanaren jakitun dela nabarmendu du. Handik begiratuta, pareko mendi magaleko zelaien artean lurra gorri eta grisez janzten da. AHT eraikitzeko lanak aurreratzen ari dira bertan, eta herri xeheak erabakietan parte-hartzeko ezintasunaren beste ikur bat dela uste du. «Beti inposaketekin jarraituko dugu, Boroan bezala? AHTrekin ere egin dira herri galdeketak, eta zer, ez da aldatuko prozedura? Negozioa bata, negozioa bestea... Zertarako? Euskal Herriko jendearentzat? Ez dut uste».

Baserri berriak eta txaletak

Ez dira industrialdea eta zentrala auzoak izan dituen berrikuntza bakarrak. Egun, jeep eta traktoreak Mercedes edo Audi markako auto dotoreekin gurutzatzen dira bertaratzeko errepidean. Baserri itxurako etxebizitzak eraiki dira Boroan azken hamarkadan, baita zaharkitutako asko berritu ere. 14 urte dira Ander Unda gernikarra Boroa izeneko jatetxean beharrean dabilela. Orduan «auzoa zaharkituta, bideak-eta nahiko utzita» zeudela dio gaurkoen aldean. Jatetxea familiako ogibidea den arren, soloak lantzen dituzte,  eta makina bat fruta-arbola dauzkate lurretan. «Kiwiak edota muxikak batzen ditugu, baita baratzeko produktuak ere, sukaldean darabiltzagunak gero». Aberasgarria deritzo norberak landatutakoari etekina ateratzeari, «ederra baita hazkuntza prozesuan zehar behatu eta zaindu duzun hori mahaira eramatea».

Auzoak bizia badu. Bolatokiaz eta txoko edo elkarteaz gain, igerileku bat ere badago auzotarrentzat. Jaiak ere antolatzen dituzte urtero ekainaren bukaeran, etxabereak zaintzen eta soloak lantzen jarraitzen dute. Halere, noren ahotan entzun diren esan ez arren, «sabotajea» eta «sutu» bezalako berben oihartzuna, tamalez, oraindik ere entzun daiteke Bizkaiko erdialdeko bailara honetan. Askoren guraria ei da soinu hauek behingoz itzaltzea, baina auskalo...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo