NIK LAN TA HIK JAI: ALFONSO NUŃEZ
«Dj lanak baino, gauak erretzen duela esango nuke»
Testua: Anartz BILBAO
Argazkia: GARA
Ekaitz Hernandezek ondo ezagutzen du Bilboko gaua, baita Bilboko gauak Ekaitz Hernandez ere, ez baita alferrik ilunpean denean hiria dantzarazteaz arduratzen denetarikoa. «Orain dela bospasei urte Bilbo Hiria Irratian [Kafe Antzokiko ganbaran dago eta euskara hutsez emititzen du] teknikari lanetan hasi nintzen. Programa askotan geuk aukeratzen genuen musika, beraz, dantzalekuan disko jartzaile lanean hastea oso prozesu naturala izan zen», gogoratzen du bizkaitarrak, Kafe Antzokiko Dj lanetan hasi zenekoez galdetuta. Hernandezek oroitzen duenez, «oso garai polita izan zen niretzako, gau bakoitza abentura bat». Izan ere, «teknika kontrolatzen ez duzunean denetarik pasatzen zaizu, baina arazo horiekin aurrera ateratzera ikasten duzu».
Egun Hernandez Bilbon ezinbestekoa bihurtua den aretoko hiruzpalau disko jartzaileetakoa dugu, ostegunetik larunbatera goizaldera arte jendea mugiaraztea bizimodu duena. Horretarako, «neuk Mac bat erabiltzen dut, eta Traktor programa -baliatzen duen tresneriaz ari da-. Gainera, guzti hau Vestax Vci-100 batekin kontrolatzen dut. Ez da oso ekipo garestia, baina kontrolpean dagoenean... muga bakarra norberaren irudimenean dago!».
Disko jartzen asmatzeko sekretuaz ere hitz egin digu Ekaitzek, honakoa urrea lortzeko formularen antzekoa dela jakin badakigun arren. «Kantu bakoitzean jendea begiratu behar duzu asmatu duzun ala ez jakiteko», erantzun digu berak argi eta garbi. Gainera, kontutan izan behar da jendeak primeran pasa dezan lan egiten duzula; eta besteak parrandan dabiltzan bitartean norberak lan egitea ez dela erraza. Ekaitzek baina, «arin ikasten da bi kontuak bereizten -aitortu digu-. Bestela, hainbeste urtetan `irautea' ezinezkoa litzateke».
Disko jartzailea musikari
Kafe Antzokian kontzertu andana egiten da astebururo, eta ostean hasten da disko jartzaileen jarduna. Beraz, musika tankera ugari ezagutu edo gutxienez entzutera behartuta dago bertako disko jartzailea, club bat baino haratago, oso entzuleria eklektikoa biltzen baita bertara. Hernandezen kasua, gainera, berezia da; Dj lanak egiteaz gain musikaria baita. «Lan honek, musika arloan eguneratuta egotera behartzen zaitu, beraz, musikaria izanda, ez da gauza makala».
Hernandez Split 77 talde sendoko baxu jotzailea dugu, eta laukotea hirugarren lana -homonimoa- aurkezten dabil buru-belarri uda honetan. «Diskoa aurkezten eta momenturik hoberenean gaude: kontzertu asko eman ditugu ta gero eta data gehiago ateratzen ari dira; datorren larunbatean Lekeitioko jaietan. Gero, 17an Vic-eko Mercat de la Musica Vivan, Bartzelonan... pentsa!».
Bukatu baino lehen, kalean behin eta berriro aipatzen den zurrumurruaz ere itaundu dugu Hernandez. «Egia da gauez lanean ligatzen dela, batez ere taberna batean egonda, giro onean... Hala ere barra baten atzean daudenak arrakastatsuagoak izaten dira, publikoarekin harremana zuzenagoa baita». Lana nekeza da? «Lanak baino gehiago, gauak erretzen duela esango nuke nik. Momentuz gogotsu nabil eta lanean gustura, beraz urteak pasata, ikusiko dugu!».
«Bonba atomikoa jausten den momentu eta tokian musika jartzen egon nahiko nuke», agurtu gaitu Hernandezek, umoretsu.