Brasilgo Amazonian heriotza dakar legez kanpoko egur ustiapena salatzeak
Hilabete batean sei laborari hil dituzte Brasilgo Amazonian, senideek diotenez, legez kanpoko egur ustiapena salatu dutelako. Zenbait familiak arrisku larrian aurkitzen direla diote, eta Brasiliak segurtasun neurriak agindu badizkiete ere, poliziek ez diete sinesten.
A. RODRIGUEZ
Ez dakite, zehazki, nortzuk izan diren, ezta norbaiten aginduz jardun duten ere. Eskura dituzten froga bakarrak, euren senitartekoen hilotzak dira. Haatik, lurjabe boteretsuak eta basoetako ustiatzaileak dituzte aurrez aurre, Brasilgo Amazoniako laborarien hilketetan eskuz esku aritu direla baitiote.
Laisa do Espiritu Santok malenkoniaz begiratzen dio bere ahizparen, Maria do Espiritu Santosen, hilobiari; arranguraz oroitzen du bere senitartekoa hil zutela jakin zuen eguna. Haren senarra ere hil zuten, Jose Claudio Ribeiro, legez kanpoko egur salmenta salatu eta egun gutxitara. Belarri bat ere ebaki zioten, egindako «balentriaren» erakusgarri. Para estatuan bizi ziren, Eremilto Pereira bezala; haren gorpua astebetera aurkitu zuten, bikotearen hilotzak aurkitu zituzten lekutik zazpi kilometro eskasera, bala zauriz josita.
Eldorado dos Carajas komunitateko buruzagi Marcos Gomes da Silva ere luzaroan gogoratuko dute ingurukoek; bere gorpua sastraken artean aurkitu zuten kokagune horretatik gertu, biluzik. Komunitate horrek oso ondo ezagutzen ditu indarkeriaren ondorioak: 1996an hemeretzi laborari hil ziren Poliziaren oldartze bortitz baten ostean.
Are ilunagoak dira Obede Loyla de Souzaren eta Adelino Ramosen auziak. Loyla de Souza belarrian tiro bat jaso ostean hil zela diote mediku iturriek; bere gorpua desagertu eta bi egunera kausitu zuten, ordea, eta hilotzaren egoera ikusita, ez dute tratu txarrak jaso zituenik baztertzen. Lekukoek diotenez, biktimak mehatxuak jaso zituen azken hilabeteetan egurra legez kanpo ustiatzen duten zurginekin eztabaida sutsu bat izan ondoren. Desagertu zen egunean ere, lau ezezagun ikusi zituzten auto beltz batean Esperantza kanpalekuan jirabiraka.
Adelino Ramos, berriz, bere senitartekoen presentzian hil zuten; soroan landutako produktuak saltzera zihoazen merkatura ezezagun bat hurbildu eta tiroka hil zuenean. Adelinoren senideak beldurrez bizi dira ordutik, hilketaren lekuko zuzen izan zirenez, beraien bila ere joango direla pentsatzen baitute. Alabaina, zorioneko dira, momentuz, Ramostarrak; izan ere, hilketaren ustezko egileak bere burua aurkeztu du polizia etxean.
Laborariekin mesfidati
Hildakoetako asko CPT Lurraren Batzorde Pastoraleko partaide ziren; bertan aurkitu zuten hainbat eta hainbat urtez salatutako legez kanpoko egur ustiapenari eta desjabetzeei aurre egin ahal izateko estalpea. Gertatutakoak gertatuta ere, hilketa horiek argitzeko beharrean dabil buru-belarri Eliza katolikoari loturiko erakundea.
Hain zuzen, azken hogei urteotan lurraren defentsan ziharduten 1.150 ekintzaile hil dituztela ziurtatzen du CPTk. Kasuon inguruan argi-ilun ugari dauden arren, beraiek ziur dakite zuhaitz-ebakitzaileek kontratatutako sikarioek hil dituztela nekazariak, legez kanpoko egur mozketak isilarazteko. «Para estatuan bakarrik 800 hilketa izan dira; horien erantzule diren bederatzi lagun besterik ez ditugu epailearen aurrera eraman orain artean, eta are tamalgarriagoa dena: bakarra dago gaur egun barrote artean», arbuiatu du CPTko ordezkari Jose Batistak.
Duela ez asko, arriskuan dauden 125 laborariren zerrenda aurkeztu zuten Poliziaren aurrean; Justizia ministro Luiz Paulo Barretok segurtasun neurriak ezarriko dituztela ziurtatu du, mehatxu larrian diren familiak beste erregio batzuetara lekualdatzea, besteak beste. Alabaina, neurri horiek inoiz ez direla heltzen diote familiek; areago, mehatxuak zalantzan ipintzera ere heldu dira zenbait polizia etxetan.
Polizien irudiko, hilketen erdiek ez dute ezelango zerikusirik salatutako nekazal gatazkarekin, eta, beraz, ez dute zonaldea patruilatzeko beharrik ere ikusten ia. Indarkeriak bereziki kolpatu dituen Maraba eta Nova Ipixuna herrixken artean, esaterako, polizia postu bat besterik ez dago. «Guk Brasiliako mandatuak jarraitzen ditugu; ez badute kontrakorik esaten, orain artean bezala segituko dugu», segurtatu du polizia anonimo batek.
Laborarien hilketen auziaren dimentsioa areagotu egin da egun gutxitan Brasilen, baita herrialdeko gobernuraino bertaraino iritsi ere. Gertatutakoak ezin ekidinez, auziari kasu egin beharrean aurkitu da Dilma Rousseff presidentea, eta, hala, urgentziazko batzarra deitu du eman beharreko urratsak definitzeko. Momentuz, hilketa gehien gertatu diren zonaldeetara, Para eta Rondonia estatuetara, soldaduak bidaltzeko deliberoa hartu du.
Indarkeria gutxitzeko asmoz lan-talde berezia ere atonduko dute. Auzian inplikatuta dauden alde guztiek parte hartzea nahi dute, biktimetatik hasi eta ustezko borreroetaraino, aurrez aurreko elkarrizketen bitartez arazoa konpon dezaketela iritzita baitaude. Senideek, oraingoz, uko egin diote aukera horri, egurraren arpilaketa onartzea dakarrela uste dutelako. «Gobernu Federalak ez du amore emango erregio horietara normalizazioa eraman arte», dio, ordea, Brasiliak. A. RODRIGUEZ