GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Esker onez

 

Ez naiz betidanik euskaltzale izan. Gaztelania izan da betitik nire etxeko hizkuntza, latinaren ondorengo altxor erasotzaile hori. Zinezko euskaltzaleekin lehen ukitua nire herriko, Errenteriako, Arkaitza tabernako lagunekin izan nuen, zabalatarrekin; nekez entzungo zenituen haiek Quevedoren hizkuntzan. Zabalatarren artean, Ibon nuen adiskiderik kuttunena. Errebelde amorratua zen, langile ikaragarria... gure aitzindari txikia. Lehen argazki erakusketa egin nuenean, serio jarri zitzaidan aurrean, eta esan zidan: «Ongi azaldu beharko didak hau guztia». Neu, noski, irrikatan negoen hura azaltzeko, baina ez nuen astirik izan, handik egun gutxira hil baitzen, Gazte Eguna ospatzen ari ginela, agertoki baten azpian elektrokutatuta. Uztaila izanagatik, ekaitz izugarria egin zuen, zorte madarikatua. Duela gutxi joan zaigu haren aita ere, Joxe izenekoa. Semea bezala, euskara betiko setiotik libratzeko ahaleginean ibiltzen zen beti. Han edo hemen zela, kalean edo etxean, lanean edo txikiteoan, beti zuen euskara hizpide eta kezka, bizi eta min. Esperantza handiak zituen gugan (garrotarrongan, guztiongan), eta ahal zuen guztietan hurbiltzen zitzaigun bere hizkera motel hartan, pittin bat ahopeka, konspiratzen bezala. Meritu handia zuen Joxek, pesimista handia baitzen: ez zuen sinesten gauza handirik egin zitekeenik, eszeptiko hutsa zen, baina ez zen horregatik etxeko epelean geratuko, ez horixe. Sututa, amorrazioz egiten zuen lan, eskuetan zerabilen lana azkena balitz bezala. Biak falta dira orain herrian, eta damu naiz, ahal izan nuenean haiekiko zorra eta esker ona aitortzen jakin ez nuelako. Besoa emango nuke haien erreakzioa ikusteko: hunkidura ezkutatzeko erabili ohi dugun irri urduri hori, disimulatzearren bizkarrekoekin laguntzen duguna... esana gera dadila behintzat!