Denentzako egitarau zabal batekin dator aurtengo Donostiako Euskal Jaia
Donostiako Euskal Jaiak aurten inoizko egitarau anitzena dakarrela esan daiteke. Gaur hasi eta irailaren 11ra arte, era askotako ekitaldiak izango dira Donostian eta non aukeratu ez zaio faltako bertaratzen denari.
Aimar ETXEBERRIA | DONOSTIA
Hori izan zen bertaratu ziren gehienen erantzuna: egitarau zabal eta anitza osatu dutela aurtengo Euskal Jaietarako. Zabala, gisa ezberdinetako jendearentzat pentsatuta dagoelako, eta anitza, adin eta sexu guztietako jendea erakartzeko moduko jarduerak daudelako. Gaur hasiko dira ekimenak eta datorren irailaren 11ra arte ikusteko, entzuteko eta egiteko anitz izango da Donostian.
Aurtengoarekin badira jada 17 urte Gipuzkoako hiriburuan Euskal Jaiak jarraian antolatzen direla. Gizonezkoen estropadekin hasiko dira eta San Juan kalean egingo den sardina janarekin amaitu. Emakume eta gizonezkoen estropadak, Sagardo Eguna, antzerkia, poesia errezitaldiak, zinema kalean... hori guztia izango dute donostiarrek euren gozamenerako.
Kirol jarduerei erreparatuz gero, estropadek hartzen dute garrantzirik handiena. Sasoiko estropadarik garrantzitsuenak jokatzen dira Kontxan, eta jende pila batzen da bertan. Horrez gain, Euskadiko trontzalarien txapelketa, lasto altxatze eta txinga txapelketak, Trinitate plazako gaztetxoen pilota partidak... aukera zabala izango dute kirolzaleek.
Euskal kulturan gastronomiak duen garrantzia ez dute alde batera utzi nahi izan. Sagardo Eguna da arlo honetan ekimen nagusia, baina jan eta edanaz gain, gastronomiaren inguruko hitzaldiak ere izango dira. «Bakailaoa eta dozena bat kontakizun» izenburuko hitzaldiak, nolabait, baleatik bakailaora, Donostiako arrantzaleek egin duten bidaia azalduko du. Marmitakoa, legatza donostiar erara... sabela ondo aseta amaituko du batek baino gehiagok.
Beste mota bateko kultur jarduerak ere izango dituzte. Trikitixari buruzko jardunaldiak egingo dituzte, poesia errezitaldiak eskainiko dira, antzezlanez gozatzeko aukera ere izango dute, zinema emanaldiak izango dira kalean... aurrez esan bezala, benetan egitarau zabala osatu dute. Haurrek ere euren txokoa izango dute jaietan eta nola ez, dantza eta musika ere oso presente egongo da egun guzti hauetan.
Sagardo Eguna
XXVI. Sagardo Eguna izango da aurtengoa, horietatik azken hamazazpiak Euskal Jaietako egitarauaren barruan txertatuta egin direlarik. Gutxi gorabehera, 10.000 sagardo botila inguru aterako dituzte, goizean goiz hasi eta 14.00ak arte iraungo duelarik dastatzeak. 50 bat sagardogile gerturatuko dira euren sagardoekin eta bakailao eta txorixo-tortilla pintxorik ez da faltako sagardoari laguntzeko.
Azken urteetan lelo batekin dabiltza bueltaka jendearen artean kontsumo arduratsua bultzatu nahian: «Sagardoaren txinparta, neurrian aparta» da kontsumo arduratsua bultzatzen duen leloa. Txartelen sistemarekin jarraituko dute. Sagardo baso bat eta 10 txarteleko sorta, 3,5 euroren truke erosi ahal izango dira, eta errepikatu nahi izanez gero, 2,5 euroren truke beste 10 txartel hartzeko aukera izango dute sagardozaleek.
Kirol jardueren artean estropadek hartzen dute indarrik handiena. Gizon eta emakumezkoen txapelketak jokatuko dira datozen egunetan, arraun munduan dabilen jendearentzat sasoiko estropadarik garrantzitsuena.
10.000 sagardo botila inguru erabiltzea espero dute antolatzaileek egun horretan. 50 sagardogile ezberdin izango dira Konstituzio plazan eta basoa eta 10 txartel 3,5 euroren truke salduko dituzte.