Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
Txanpon baten truke
Atzo gauean, leitzarra eta biok, munduan zehar herrialde ezberdinetan bizi den jendearen erreportaje horietako bat ikusten aritu ginen; Istanbuli buruzkoa, hain zuzen ere. Halako batean aipatu zuten Istanbuleko kaleetan ohikoa dela kalean zerbitzuak eskainiz bizia irabaztea, eta horien artean baskula bat hartu eta txanpon baten truke pisatzeko aukera eskaintzen duen jendea dagoela. Hor hasi zen gure festa!
-Hara! Medikuari esan behar diogu etorkizuna aseguratu xamar duela, besterik ezean Istanbulen! Ja ja ja...
-Hi ba al daukak txanponen bat? Bihar goizean pisatu ondoren eskupekoa emango zioagu! Ja ja ja...
Gaur, bederatziak pasatxo medikuak atea jo duenerako, esna nengoen ni; Mikel, aldiz, lo seko nuen alboan. Begi bat zabaltzearekin batera antzeman diot irribarrea, eta, baskula gainera igo orduko, barre algara lehertu zaigu bioi.
Etapari dagokionez, ihesaldian sartu eta etapa lehiatzea zen helburua. Hasieratik ahaleginak egin arren, ez naiz sartu eguneko ihesaldian eta bigarren mendatean atzetik atera eta aurrekoekin bat egiteko esfortzu ikaragarria egin behar izan dut. Hor xahutu ditudan indarrak azken partean falta izan ditut!
Datozen egunotan ildo beretik jarraitzea beste aukerarik ez zaigu geratzen... Ea zorte pixka batekin irakurleei irribarretxo bat eragiten dizuegun. Ondo segi!