Igor Yebrak Korrontziren folk doinuak dantzatuko ditu Getxon
Irailaren 8tik 11ra ospatuko da 27. Folk Getxo BBK nazioarteko folk jaialdia. Igor Yebra dantzari bilbotarra Korrontzi eta Oinkarirekin batera izango da ostegunean agertoki nagusian, eta igandean, Dulce Pontes portugaldarrak bere azken lana aurkeztuko du.
Ane ARRUTI | BILBO
Munduko kultura eta musika ezberdinak ezagutarazteko helburuarekin ospatuko da 27. urtez Folk Getxo BBK datorren asteburuan. Iaz 25.000 lagun erakarri zituen jaialdia hamahiru kontzertuz osatuko da aurten eta kaleko bandek musikaz alaituko dituzte lau egunez Getxoko bazterrak.
Bi karpatan banatuko dira kontzertuak; Santa Eugenia plazakoa bata eta Areetako geltokiko plazakoa bestea. Azken honetan izango dira gauero, 21.00etan hasita -igandean 20.00etan-, jaialdiko saio nagusiak.
Hirugarren urtez Getxon izango den Korrontzi talde bizkaitarrak hasiko du ostegunean jaialdia, bertan bakarrik eskainiko duten emanaldi berezi batekin. Taula gainean izango dituzte Oinkari dantza talde billabonatarra, eta estreinakoz, Igor Yebra dantzaria. «Euskal dantza tradizionaletik kanpo dabilen jendeak gure musika nola interpretatzen duen ikusi nahi genuen, nola sentitzen duen», azaldu zuen atzo Agus Barandiaran Korrontziko trikitilariak. «Urratsa» deitu diote emanaldiari, «guretzat aurrerapauso bat delako». Barandiaranek azaldu zuenez, euskal dantza askok antzekotasun ugari dituzte ballet pausoekin, Yebraren esanetan. Bilbotarrak berak prestatu ditu koreografiak Korrontziren musikaren gainean eta gonbidatu gehiago egongo direla ere iragarri zuen Barandiaranek.
Kontzertu nagusiekin jarraituz, The Inusual Suspects eskoziarrak izango dira ostiralean. Oso gutxitan elkartzen den Big Band-a da eta Getxo aukeratu dute horretarako. Larunbatean, berriz, Idir aljeriarra izango da taula gainean eta, bukatzeko, fadoaren erreginak, Dulce Pontes portugaldarrak, bere «Momentos» azken lana aurkeztuko du.
Doinu brasildarrekin hasiera
Saio nagusien aurretik, arratsaldero 19.00etan -igandean 18.00etan- kontzertuak izango dira Santa Eugenia plazan. Lehenengo saioa Tambor de Saia taldearen esku egongo da. Kataluniatik datorren emakume seikotea da eta musika brasildarra egiten dute.
Aurtengo Mendebala jaialdiko maketa lehiaketako garaile izandako Seafoid gipuzkoarrak izango dira ostiralean, eta larunbatean, berriz, Ketama taldeko Josemi Carmona. Honakoan bakarkako lan berria aurkeztuko du gitarristak. Bukatzeko, Maria Berasarte donostiarraren doinu portugaldarrak entzuteko aukera izango da igandean.
Toki berean baina gaueko 23.00etan -eta doako sarrerarekin- egingo dira ostegunetik larunbatera Munduko Terrazako saioak. Lehenengo egunean Audience taldeak musikatu duen «Amerikanuak» dokumentala proiektatuko da eta gernikarrek zuzenean joko dute filmaren soinu banda. Ostiralean Barakaldoko Ruaille-Buaille bandak bere azken lana aurkeztuko du eta, larunbatean, Felah Mengus valentziarren mestizaje erritmo alaiak izango dira entzungai.
Haurrentzat, berriz, ostiral eta larunbat eguerdian emanaldiak izango dira Santa Eugenia plazan, eta urtero bezala, Munduko Terraza, Munduko Azoka, Elkartasun Gunea ere zabalik egongo dira lau egunetan.