GARA > Idatzia > Kultura

Anartz BILBAO Musikazalea

Hostozko tunel bat...

Aurreko zutabean, London sutan utzi genuen, eta iragan astean Bilbo izan dugu garretan bero-bero, The Dictators rock taldeak bezala «The Party Stars Now!» garrasi eginda; ia-ia hamar egun (eta goizalde) luzeko Aste Nagusian.

Areatzeko anabasak atzean utzita, eta oraindik antoxina kolkotik zintzilika dugula... halako batean joan zaigu abuztua. Atzean utzi ditugu jaialditzarrak (aurten antzarak bezala sentitu gara, oniletik horrenbeste musika etenik gabe irenstera behartuta), eta udazkena beti bezain (edo inoiz baino) eder(ago) dator, besteak beste Bonny Prince Billy -gozoa da udazkena Kafe Antzokian- Wilco edo Fleet Foxes (lehena Donostian eta bigarrena Bilbon, biak azaroan) gure oholtzetan izango ditugu-eta, sarrerak merke izango ez diren arren.

Gero, konturatu barik negu parteko ur eta elur emankorrak gure artisten lanak Durangoratuko ditu, udazkenean aurkeztuko dizkigutenak. Dagoeneko prest du, batek baino gehiagok, mimo handiz sortu eta atondutako lana, argitaratu eta nork arreta jarriko. Batzuk Ameriketan -Ruper Ordorika New York hirian izan da, eta Berri Txarrak Los Angeles hirian- eta txikiagoek etxeko sukaldean grabatuak, uzta oparoa espero du aurten Azokak; baina musikari ez oso ezagunen zuzeneko emankizunek kezkagarriro behera egin dute.

Egunerokotasunera bueltatu gara, telebistak Beyonce haurdun omen dagoela eta Lady Gaga -unibertsitateetan ere berataz mintzo omen dira- mutil batean gorpuzteko gai dela diosku.

Iraila heldu da... por fin! Bozgoragailuetatik nafarrak dabiltza ozen kantari: «Iraila da maitea /mahats usaina airean / hostozko tunel bat daukagu aurrean...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo