Sophie Loubette sendagilea bikotekideak hil zuela baieztatu du autopsiak
Bordelen egindako autopsiak, Sophie Loubette bikotekideak emandako hiru labankaden ondorioz hil zela baieztatu du. Antza, emakumeak harremana bertan behera utzi nahi zuelako hil zuen. Gizona bi aldiz kondenatu zuten 2007an genero indarkeriarekin lotutako auziengatik.
GARA | BAIONA
Anne Kayanakis Baionako fiskalak atzo baieztatu zuenez, joan den abuztuaren 26an Baionan zendutadako Sophie Loudette emakumea bikotekideak hil zuen. Ostiralean, Sophie beraren eta bikotekidearen hilotzak aurkitu zituzten Loudetten Santespiritu auzoko etxean.
Poliziak hasieratik esan zuen heriotzen atzean genero indarkeria auzi bat zegoela uste zuela, baina, aldiz, asteartean Bordelen autopsia egin arte ezin izan da hipotesi hori ofizialki baieztatu. Kayanakisek zehaztutakoaren arabera, abuztuaren 26an, goizeko lauak eta bederatziak artean, gertatu ziren bi heriotzak.
Hiltzailea eskuan labana bat zuela aurkitu zuten, eta, autopsia egiterakoan, emakumeak gorputzean hiru labankada zituela baieztatu zuten: odol galtze handia eragin zion bat zintzurrean, bigarren bat bularrean eta hirugarren bat bizkarrean. Emakumea hil ostean, hiltzaileak bere buruaz beste egin zuen bihotzean hainbat labankada emanez.
Fiskalak hilketaren arrazoiak ere azaldu zituen. Auzoan eta senideekin egindako ikerketaren arabera, Sophie Loudette baionarrak jatorriz Parisekoa zen gizonari bien arteko harremana bertan behera uzteko asmoa zuela jakinarazi zion.
2007an kondenatua
Bestalde, atzo jakin zenez, hiltzailea bi aldiz kondenatu zuten 2007an genero indarkeriarekin lotutako auziengatik. Hain zuzen ere, bere bikotekide ohiaren eta honen gurasoen aurka indarkeria erabiltzeagatik zigortu zuten. Lehenik eta behin hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta, ondoren, lau hilabetekoa.
«Hiltzailearen nortasunari begiratuta eta gertakariaren kronologia aztertuta, ez dago gertatutakoaren inguruko zalantzarik», azpimarratu zuen Kayanakisek.
Sophie Loudette sendagilea zen, eta Baiona eta Bordelen lan egiten zuen. Biarritzekoa jatorriz, orain dela lau urtetik bizi zen Baionan. Bi seme-alaba zituen eta urtebete zeraman bikotekidearekin.