GARA > Idatzia > Euskal Herria

Otsoportillon hildakoen aldeko ekitaldia egingo dute igandean sakandarrek

p014_f02_091x104.jpg

Martxelo DIAZ | ETXARRI-ARANATZ

Urtero bezala, 1936an Sakanan fusilatuen senitartekoak biltzen dituen elkarteak eta Etxarri Aranazko Udalak irailaren lehenengo iganderako ekitaldia antolatu dute, 12.00etatik aurrera, Urbasako Otsoportillo leizean. Bertan botatzen zituzten fusilatuen gorpuak, baita bizirik zeuden errepresaliatuak ere.

Etxarriko alkate Joxi Bakaikoak nabarmendu zuenez, aurten altxamendu faxistaren 75 urte bete direnez, omenaldi berezia izanen da igandean. Horrela, dei zabala egin dute, Sakanako eta Euskal Herri osoko herritarrek ekitaldian parte har dezaten, eta esparru desberdinetako ordezkari politikoei ere gonbita egin diete.

«Oraindik orain, egungo sistema politikoa kudeatzeko ardura duten PSOE, PP eta UPNk ez dute bete faxismoaren biktimek eskatzen dutena: egiaren aitortza, justizia eta erreparazioa. Oraindik orain, herritarrak gara duela 75 urte erailak izan zirenen memoria goratu eta etorkizunari begira bizirik eraman nahi dugunak», gaineratu zuen Bakaikoak. Atzoko agerraldian Altsasuko alkate Garazi Urrestarazu eta Olaztiko alkateorde Mikel Azkargorta ere izan ziren.

«Ez da egon erregimen frankistarekiko benetako hausturarik; trantsizioak demokraziaren formak eta itxura duen sistema politikoa indarrean jarri izanagatik, frankismoan agintea eskuan zuten sektore berberek segitu dutelako benetako boterea kudeatzen», esan zuen Etxarriko alkateak.

Beraz, errepresaliatuen senitarteko eta borroka lagunek ez dutela merezitako kalte-ordainik jaso gaineratu zuen.

Horrekin batera, haien hitzetan, 1936an hildakoek defendatzen zuten aldaketa politiko eta sozialerako aukerak «galarazita daude nazio eta langileen eskubideak ukatzen dituen egungo sistema konstituzional espainolean».

«Langile eta nekazari txiroen eskubideen defentsan nabarmendu ziren sindikalistak; matxismoaren kontra eta bere eskubideen alde borrokatu eta lan egiten zuten emakumeak; zinegotzi eta alkate ezkertiar edo abertzaleak; jendarte jokaera aurrerakoien alde egiten zuten maisu, sendagile eta funtzionarioak izan ziren errepresioaren alderik krudelena pairatu zutenak», azaldu zuen Bakaikoak. 75 urte igaro eta gero ez dago jakiterik zehazki zenbat hildako dagoen Otsoportillon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo