Merkatarien Elkarteak izan du Berriozarko suziria jaurtitzeko ohorea
Arratsaldeko seietan eman zieten atzo hasiera Berriozarko jaiei Merkatari Elkarteko kideek Eguzki enparatzan botatako suziriarekin. Cristina Zubirik jaurti zuen igandera arte iraungo duten festetako lehen suziria. Aurretik, jaietako kartel eta argazki lehiaketetako sari banaketa egin zuten udaletxean, eta aurten nabarmendutako pertsona eta erakundeak omendu zituzten. Bost egunez jai giroa eta ondo pasatzeko gogoa nagusituko dira Berriozarko kaleetan.
Begoña ZEBERIO | BERRIOZAR
Festei hasiera eman zion suziria jaurti zuten atzo Berriozarko Merkatari Elkarteko kideek. Cristina Zubiri buru, seiak puntu-puntuan zirela, hamar bat merkatari Eguzki enparantzako kioskora igo ziren eta herritar guztiei eta merkatarien esfortsuari eskaini zieten jaietako txupinazoa. «Ohore bat da guretzat txupinazoa jaurtitzea», onartu zuen Zubirik. Ostean, gehiago luzatu gabe, «Gora San Esteban! Gora Berriozar! Jai zoriontsuak pasa» ohiukatu eta jaietako metxa piztu zuen.
«Atzo gauean, etxean nengoela idatzi nuen gaur zer esan», azaldu zuen Cristinak. Ostean, honakoa gaineratu zuen: «Egia esan, ez genuen espero. Duela hamar egun gutxi gorabehera deitu ziguten, eta, guk, noski, baietz esan genuen, guretzako, ohore bat izan da». Cristinak, fruta denda bat dauka Berriozarren eta azken denboraldia gogorra izaten ari dela azaldu zuen: «Krisia dela-eta herrietako denda txiki askok itxi egin behar izan dute, eta gaudenok nekez irauten dugu».
Eguzki plaza gainezka zegoen seiak baino minutu batzuk lehenagotik, adin guztietako herritarrak gerturatu baitziren festeei ongietorria emateko. Gurasoek lagunekin garagardo bat hartzen zuten bitartean, Jon 5 urteko mutila erraldoiei adi-adi begira zegoen. Berriozarko peñek ere ez zuten hutsik egin, tentu handiz prestatutako pankartak eskuan. Pankartekin batera, zurrakapotea ere izan zen protagonista. Ardoa, coca-cola, melokotoizko likorea eta fruitu zukuak dira oinarrizko osagaiak, eta, hortik aurrera, bakoitzak nahi duena gehitu dezakeela zioten Exkinazo taldeko lagunek. «Gureak denetarik du, baina, hori bai, dena bere neurrian. Oso ona dago», esan zigun taldeko kide batek.
Ikurrinak eta presoak Euskal Herrira gerturatzearen aldeko ikurrak ugariak ziren Eguzki plazan. Berriozarko gizon batek argi eta garbi azaldu zigun: «Berriozar euskalduna da».
Berriozartarrak benetan harro daude dituzten jaiekin. «Guretzako Euskal Herriko onenak dira», azaldu zigun Anderrek. Hori b ai, larunbat goizeko dianak ez dituela gustuko aitortu zigun...
Raul Maiza Berriozarko Bilduko zinegotziak gaur goizeko hamaiketan egingo den maiordomoen dantza du gustukoen. «Herrikoa da, berriozartarrok hartzen dugu parte eta hori da niri gehien gustatzen zaidana», nabarmendu zuen. Prozesioak eta ekitaldi erlijiosoak, aldiz, ez ditu maite.
Sari banaketa
Suziria jaurti baino ordubete lehenago, ekitaldi xume bat egin zen herriko udaletxean. Alde batetik, jaietako kartel eta argazki lehiaketako sariak banatu zituzten, eta, bestetik, aurten urtean zehar nabarmendutako pertsona eta erakundeak omendu zituzten.
Jaietako kartel lehiaketari dagokionez, Jose Angel Ligerok irabazi zuen 600 euroko saria «Que suene la fiesta-Jaia entzun dadin» kartelarekin. 11 urtez azpikoen kategoriako lehenengo saria, berriz, Manex Mailharenak jaso zuen «Beti alai Berriozarko jaietan» kartelarekin. Berriozarko X. Argazki Lehiaketa, aldiz, «Bi sexu, isla bakarra» Julio Cesar Sanchezen argazkiak irabazi zuen.
Udalak urtean zehar nabarmendutako pertsonak eta erakundeak ere omendu zituen. Erakundeen artean, aurten 33 urte bete dituen Los Cubas peña omendu zuten, baita 25 urte bete berri dituen Berriozarko Francisco Casnova musika eskola ere. Zuzendariak urte horietan guztietan eskolatik pasatu diren ikasle guztiei eskaini zien omenaldia. Javier Alemanno berriozartarra ere omendu zuten. Hain zuzen ere, lau txakurreko kategorian aurtengo Nafarroako Mushing Txapelketa irabaztegatik.
Berriozarko gazte taldea
Uda honetan Berriozarren gazte talde bat sortu da. Euskara oinarri, herriko gazteen beharrak eta nahiak asetzea dute helburu. Urte askotan zehar Berriozarreko herriko gazte mugimendua hilda egon ondoren, badirudi beren beharrek bultzatuta berriz ere berpiztu direla gazteak.
Hitzaldiak, aisialdiko ekintzak, kontzertuak eta bilerak antolatzea da asmoa. Hala ere, badute arazo bat: ez dute antolatutako jarduerak egiteko lekurik. Hori dela eta, gaztetxe baten beharra dutela esan digute Eder Goldarazena eta Amaia Nazarrek. «Ideia asko ditugu, baina ez horiek burutzeko lekurik. Hori bai, autogestionatutako gunea nahi dugu», esan digute.
Txoko autogestionatu bat lortzeko lanean hasi dira jada. «Kanpaina bat egin dugu, `Moskeoa' da lema, eta sinadurak lortu eta udaletxean aurkeztuko ditugu», nabarmentzen dute taldekideek.
«Berriozarko Bilduko zinegotzien babesa badugu, beraiei azaldu dizkiegu gure beharrak eta ados daude», jakinarazi zuten. Raul Maiza Bilduko zinegotziak berak «gazte taldearen sorrera oso positiboa» dela adierazi zuen. «Urte askoan falta izan den mugimendua da», gaineratu zuen.
Festetan ere, Gazte Taldea presente dago, udaletxetik kanpo «Gora Jaiak!» lelopean beraien egitaraua antolatu dute. Bertan, adin guztientzako herritarrentzat ekitaldiak daude: bazkari eta afari herrikoiak, umeentzako jokoak, kontzertuak...
Festei hasiera emateko, afari herrikoia antolatu zuten. Menua: pasta entsalada, petxuga piper saltsan eta natillak. Gaur ere Berriozarko AEK-k afari bat antolatu du, eta bertan egongo dira gazteak. «Beste talde eta erakundeekin elkarlanean gaude; guretzako oso garrantzitsua da, herriko erakunde eta taldeeekin harremanean egotea», azaldu zuen Nazark.
Gaur gauen herriko edozein tokitan musika, txosnetan kontzertuak eta herriko plazan erromeria izango dira. «Udako azken gauak pasatzeko modu onena», adierazi du Mirenek.
«Krisia dela-eta herrietako denda txiki askok itxi egin behar izan dute, eta gaudenok nekez irauten dugu», azaldu zuen Cristina Zubirik, Merkatari Elkarteko buruak.
Arratsaldeko bostetan jaietako kartel eta argazki lehiaketen sari banaketa egin zen udaletxean. Aurten nabarmendutako pertsona eta erakundeak ere omendu zituzten.
Uda honetan, euskara oinarri hartuta, herriko gazteek talde bat osatu dute beraien nahiak eta beharrak asetzeko asmoz. Festetan beraiek antolatu dituzte zenbait kontzertu eta ekitaldi.