Koktelak eta musika Plentzian, jaietako egun handiaz gozatzeko
Antolin Deunaren jaietako egun handiarekin hitzordua dute gaur plentziarrek. Eguerdi aldera herriko taberna desberdinetan zehar, fanfarreen musikaz alaituta, gozagai izango den koktel dastatzea da eguneko ekitaldirik aipagarrienetakoa. Arratsaldeko playback lehiaketa edota gaueko kontzertua eta erromeria ere badira kostaldera gerturatzeko aitzakia polita.
GARA |
Goizean goiz, 10.30ean, dultzaina eta txistu doinuek eta buruhandiek plentziarrak esnatzen dituztenetik, arnasa har- tzeko astirik ere ez da egongo gaurkoan kostaldeko herri honetan. San Antolin eguna dute gaur; hau da, asteartean hasi ziren jaietako egun handia.
Egitarauari hasiera emateko, Antolin Deunaren omenezko aurreskua egingo dute (12.30), eta, ondoren, Erandioko Musika Bandak kontzertua emango du, besteak beste, jaietako patroiaren ereserkia abestuta.
Eguerdiko ordu biak aldera hasiko da egun honetako ekitaldirik berezi eta azpimarragarrienetakoa: koktel dastatzea.
Urtero legez, herriko taberna desberdinek beren beregi prestatutako koktelak eskainiko dituzte. Tabernari bakoitzak bere errezeta dauka -sekretupekoa, noski, errezeta on guztiei dagokien bezala-. Banillazko izozkia oinarri hartuta, koktel benetan dotoreak taxutzen dituzte. Herri guztia girotzen duen ekitaldi honetan parte hartzen duten plentziarrek -edo bisitariek, horrelako egunetan ugariak baitira-, gainera, Sama Siku eta Musikatrena fanfarreen doinuak izango dituzte lagun.
Musika egun osoan
Koktel dastatzea bukatuta, musikarik ez da faltako, orotariko publikoari zuzenduriko emanaldiak iragarrita daudelako.
Arratsaldeko seietan, San Antolintxu XVI. Pilota Txapelketaren bigarren finalerdia hasi baino lehen, plentziar gazteenek parada ezin hobea izango dute dantzarako dauzkaten dohainak erakusteko, playback lehiaketan.
Zortziak jotzearekin batera, egunean zehar bustitako eztarriak lanean jarri beharko dituzte Plentziako bizilagunek, Plentzia Kantari kantaldian neurria emateko.
Gauean ere, eta behin su artifizialak jaurti ondoren, izango da aukerarik gerriak astintzeko; 23.30etik aurrera Bongo Botrakorekin, eta, o1.30etatik aitzina, Ingo Al Deu? andoaindarren erromeriarekin.
Egun, pentsaezina litzateke Plentziako Antolin Deunaren jaiei hasiera ematea, aurrez Antolintxu eta Madalentxu Astillerora iristen ikusi gabe.
Jaietako ikur bihurtu diren pertsonaiontzako, aurtengoa ez da nolanahiko zita izan. Izan ere, 25 urte bete dira Juanan Aranburuk, gabarra hartuta, aurreneko aldiz pertsonaiari bizia eman zionetik.
Antolintxuen Elkarteko kide den Bittoren Laraudogoitiak izan zuen ikono hura sortzeko ideia, 1987. urtean -artean alkate zela-. Aipatua duenez, txikitan Isuskitza auzotik gabarran jaisten ziren baserritarren oroitzapenetik abiatuta otu zitzaion jaiak irudikatu zituen figura hura sortzea.
Madalentxu, beranduago -duela bost urte- sortua izanagatik ere, ederki jakin izan du bere lekua hartzen eta Etxebarritxu baserrian morroi lanetan aritzen den Antolintxurekin protagonismoa erdibanatzen.
Aurtengoan, Andoni Intxaurtieta eta Mari Jose Telletxea izan dira pertsonaia horiei bizia emateko arduradunak. Txikiantolintxu eta Txikimadalentxu nortzuk izango diren, ordea, igandean jakingo da, Haurren Egunean, hain zuzen. GARA