GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria

Eurolandiaz hitz bi

Zenbat txartu beharko da egoera politika ekonomikoa aldatu baino lehen? Zenbat odol agertu beharko da EBko kaleetan aldaketak egiten hasteko?

Warren Moslerrek 2001ean jadanik euroaren sendotasuna dudatan jarri zuen, Europar Batasuneko (EB) herrialdeek beren subiranotasun monetarioa galdu zutelako, de facto atzerritar moneta (euroa) erabiltzen hasi zirenean. Orain Europar Banku Zentrala (EBZ) legez kontra ari da. Izan ere, une honetan EBko herrialde batzuen zorra erosten ari da.

Hona hemen Moslerren hitzak: «Eurogunean dena gaizki doa harik eta nahiko txarto dagoenean EBZk arazotan dagoen edozein herrialdeko bonoak erosi arte, austeritate terminoak eta baldintzak inposatuz. Orduan herrialde kide horiek zikloaren kontrako defizit gastuari eusten diote, beren buruak lurperatuz». Hortaz, orain EBZk, azken baliabide gisa, herrialde kideen gobernuen defizit gastu horien zama bereganatzen du, printzipioz herrialdeak hondoratu ez daitezen (eta austeritatezko baldintzak inposatuz). Afera da EBZk politikoki kapital muga daukala eta noizbait arazo horri aurre egin beharko zaiola.

Gauza bertsua dio Randall Wray berak ere. Hona Wrayren berbak: «EBZk beti izaten du ahalmena euroak sortzeko, baina debekatuta dauka, legez, EBko herrialde bakoitzeko gobernuaren zorra erostea». Hortaz, ezin da erabili edozein herrialde subiranotan usatzen den prozedura arrunta, non banku zentralak zuzenean zor subiranoa erosten duen edo akordio bat daukan, AEBetan bezala: lehendabizi Altxor Publikoak zorra banku pribatu bati saltzen dio eta gero Fedek bera erosten dio banku pribatu bati. EBZk galarazita dauka hori egitea. Beraz, beti dago murrizketa bat herrialde kide bakoitzean: herrialdeek euroak lor ditzakete soilik maileguz hartuz edo esportatuz. Baina kide guztiak ezin dira esportatzaileak izan: EBko herrialde batzuk esportatzaileak izan daitezke, baina beste batzuk inportatzaileak izango dira. Oro har, horrek ez ditu euroak sortzen.

Noski, euroak beste herrialde batetik maileguz har daitezke, kasu, herrialde esportatzaile netoetatik. Baina, baldin eta zu inportatzaile netoa bazara, EBko beste herrialdeekiko zure zorrak, kanpo zorrak, handituz joango dira eta azkenean zure merkataritza egokitu beharko duzu, ala hondoratuta egongo zara. Joera horrek ezin du iraun. Okerrago, krisiak jotzen duenean, gertatu izan den moduan, EBZ eurotan maileguak hornitzen hasten da, eta arazoan dagoen herrialde bakoitzeko kanpo zorra finantzatzeko bide berriak sortzen ditu ordainketa eza alboratzeko edo merkatuak erosiko ez lituzkeen zorraren sailkatze txarrak ez izateko.

Wrayk EBrako bi irtenbide desberdin proposatzen ditu: (a) EBZri ahalbideratzea EBko herrialde kideei fondoak hornitzea, eta hori zuzenean egin daiteke. EBZ has daiteke gobernu zorra erosten. Edo zeharka, erreserben maileguak banku zentral desberdinei hornituz, beraiek zorra eros dezaten. (b) Politika fiskala erabiltzea, Europako Parlamentuaren defizita handituz. (EBrako oraingo aurrekontua BPGren %1 baino gutxiagokoa da; AEBetakoa %20 baino handiagoa da.)

Wrayren ustez, politikoki bide biak ez dira egingarriak euroguneko gaurko arauen arabera. Horixe da arazoa. EBZren bidez proposamen horiek gauzatzeko Europar Konstituzioa aldatu beharko litzateke. Wrayk dioenez, ez da inongo sekreturik baina EBZ Alemaniak zuzentzen du. Eta Alemaniak ez du permitituko inoiz EBZk hori egitea. Beste aldetik, jakin beharko litzateke ea EBko beste herrialdeak gai izango eta prest egongo liratekeen politika fiskal komun bat edukitzeko. Badirudi ez diotela Europako Parlamentuari botere gehiegi eman nahi. Horra hor, beraz, beste arazo bat. Kasurako, Washingtonen, Depresio Handian, Gobernu Federalaren aurrekontua %3koa izan zen; orain, aldiz, %20koa.

Prest ote dago EB antzeko aldaketa sakona gauzatzeko?

Badirudi eurogunean egun gertatzen ari denarekin konformatu beharra dagoela. Nahasketa eta hitz jario askotxo finantza proposamen batzuen inguruan, baina, azkenik, egoera nahiko txarra denean, EBZ-z fidatzea txekea idazteko eta gobernu konkretuaren zorra merkatuan erosteko, martxan dagoen finantza erraztearren. Noski, herrialdeak EBZk jarritako austeritate terminoak eta baldintzak betez. Medizina gogor hori oso deflaziogilea da, irauten duen bitartean.

Zenbat txartu beharko da egoera politika ekonomikoa aldatu baino lehen? Zenbat odol agertu beharko da EBko kaleetan aldaketak egiten hasteko? Eta orduan ere, zer-nolako aldaketak izango dira?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo