Futbol taldeko neskek emango diete hasiera Elorrioko «ferixei»
Elorrioko «ferixa nausikoak» gaur hasiko dira, iluntzeko zortzietan plazan egingo den txupinazoaren jaurtiketarekin. Hain zuzen ere, herriko nesken futbol taldeko kideek jaurtiko dute. Ekitaldi eta kontzertu ugari egongo dira aste osoan zehar Durangaldeko herrian, Euskal Herriko bertako doinuak zein atzerritik iritsitakoek izango dutelarik tartea. Gaztetxean eta txosnetan ere musika eskaintza aparta izango da; besteak beste, Iheskide edo Ze esatek! taldeen eskutik.
Mikel PASTOR |
Gaurtik aurrera, egunak eta gauak motzagoak egingo zaizkie Elorrioko haur, gazte zein helduei. Izan ere, elorriarrek hain gustuko dituzten «ferixa nausikoak» gaur arratsaldean hasi eta aste osoan zehar luzatuko dira.
Atzokoan, atariko ezin hobea izan zuten txosnetan, jai giro ederrean eta musika talde ezagunekin. Hala, Gose eta Zea Mays taldeak jo eta su aritu ziren agertokiaren gainean, azpian bildutako elorriarren artean zoramena sorraraziz. Gose taldeak ezin hobeto uztartzen ditu trikitia eta musika elektronikoa, eta horren erakusle, jarraitzaileak ugari ditu Euskal Herri osoan; atzo, berriz ere, sasoi onean daudela argi utzi zuten Elorrion. Aiora Renteria Zea Mays taldeko kantariak ere bere ahots bikaina jarri zuen ikuskizunaren mesedetan, errepertorio zabal eta ederrean.
Orotariko doinuak
Aurtengo jaietarako, Elorrioko Udalak kontzertuz jositako programa antolatu du, Euskal Herriko bertako zein kanpoko taldeak uztartuz. Gaurkoan, adibidez, Mexikotik iritsitako doinuak izango dira nagusi Urarka guneko agertokian. Hain zuzen ere, Las Morenas mariachi taldeko kideek jarriko dituzte dantzan Elorriora hurbiltzen direnak gauerditik aurrera. Mexikotik etorritako musikariek jo aurretik, ordea, zenbait ekitaldi burutuko dira, danborrada tradizionala edo zezensuzkoa, esaterako.
Urarkan bakarrik ez, gaztetxean ere musika izango da protagonista. Bertan Kilauea, Bugatti eta Foxy Leires izango dira oholtza zapalduko duten taldeak. Ez izan zalantzarik: gogo bizia erakutsiko dute, hasiberrien ilusio berdingabea.
Bihar, berriz, herritarren eta bisitarien arreta nagusia euskal nekazaritzak eta abeltzaintzak bereganatuko dute. Izan ere, feriagunean, Elorrioko azoka famatua ospatuko da.
Kuadrillak, jaiaren bihotza
Arratsaldean, 19.00etik aurrera, munduko dantza eta musikek hartuko dute protagonismoa plazan Nativos de Macondo Kolonbiako taldearen eskutik. Gauean, 23.00etan, Jamaica orkestra-ikuskizunak hartuko du txanda plazan. Txosnetan, berriz, Jota Hanka erromeria taldearen emanaldia izango da. Gaueko ordu txikietara arte luzatuko da jaia, bai euskarazko abesti klasikoekin, bai taldearen abesti propioekin ere.
Astelehenean, berriz, Kuadrilen Eguna ospatuko da. Bazkari erraldoiaren ostean, kuadrillen jaitsiera burutuko da, eta, ostean, kuadrillen arteko olinpiadak. Ondo pasatzeko parada ezin hobea, zalantza barik.
Asteartetik aurrera, egitaraua zer edo zer «lasaituko» da, helduentzako ekitaldiek hartuko dutelarik lekukoa. Asteburua heltzearekin batera, ordea, parrandak Elorrioko bazter guztiak bereganatuko ditu berriz ere, bereziki larunbateko Sukalki Egun famatuan. Mozorroak soinean jantzita, jardunaldi bikaina pasatzeko intentzioa dute elorriarrek.
Txosnetan, herriko Iheskide taldeak eta Ze Esatek! talde gipuzkoar famatuak berotuko dituzte «ferixek».
Mexikoko Las Morenas mariachi taldeak alaituko du gaur gauean Elorrioko plaza. Gaztetxean, berriz, Kilauea, Bugatti eta Foxy Leires taldeak izango dira.
Sukalki Egunean mozorrotzeko tradizioa oso errotuta dago Elorrion. Mozorroa soinean jarrita herrian barna ibiltzen dira elorriarrak; une gorena kuadrillen eta karrozen jaitsiera da.