Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria
Literaturaren geroa (II)
Literaturari buruz ari garela, eta aurrekoan aipatzen nuen adibide berari helduz, gaur egun inork ez du zalantzan jartzen Dickensek literaturaren historian betetzen duen tokia, baina bere garaian eta bere sorterrian, hainbatek bestelako iritzia zuten bere obraz. Gauza bera esan daiteke Flauberten (bere lana moralgabetzat jo zuten bere garaikideek baina, gaur egun, mugarritzat dugu) zein beren aurrekarien literaturaren aldean nolabaiteko apurketa proposatu zuten egileen obrez. Koska bat estuago eginez, esango nuke gure aurrekariek aintzat hartu ez zuten literatura (hots, arraza, etnizitate, klase zein genero kontuengatik «kanonetik» kanpo geratu zen literatura) ospatu egiten dugula orain. Aldaketak, hortaz, ez dira hain okerrak izan.
Galdera zera da, baina: kalitateak zinez egin ote du behera? Iragan astean aipatzen nuen bezala, argitaraturiko liburuen kopuruak gora egin du nabarmen azken hamarkadetan, baina ez naiz ausartzen esatera gorakada hori kalitateari begira ontzat jotzen ez dugun literaturari soilik lotuta dagoenik. Are gehiago, ez dut uste Dickens, Flaubert eta enparauen garaian egoera bestelakoa zenik. Alegia, ez da gauza bera «kanonera» igaro den literatura eta garai bakoitzean gehiengoak kontsumitzen zuen literatura.