Konstituzio espainolaren benetako «espiritua»
Konstituzio espainolaren inguruko «kontsentsu» mitikoa, ezkerra eta talde nazionalistak -Hego Euskal Herrikoak izan ezik- bildu zituena, askoz ahulagoa da gaur. Estatuko alderdi nagusiek agerian, ageriago, utzi dute Konstituzio espainolaren benetako «espiritua»: Estatuaren administrazioaren peko nazioek beren geroa erabakitzeko eskubidea ez du inolaz ere onartzen eta nazio horiek arlo ekonomikoan izan duten erabakimen txikia PSOEren eta PPren erabakien menpe dago betiere. Barregarria da, bestalde, orain artean guztiz pentsaezina zen erreforma justifikatzeko ongizatearen gizarteari eusteko egin beharreko aldaketa dela esatea. Horren erakusle, Estatuko ezkerreko taldeek, sindikatuek, gizarte elkarteek... bat egin dute erreformaren aurka, gizarte murrizketa gehiago ahalbidetuko dituela salatuz. Forma demokratikorik oinarrizkoenak gorde gabe egin dela ere salatu dute. Euskal Herrian, berriz, PSE, PP eta UPNk salbu, gainerako sektore politiko, sindikal eta sozial denek salatu dute zenbait hamarkadatan herrien erabakitzeko eskubidea kontuan hartzeko erreformatu ezin zena, orain, korrika eta presaka, aldatu izana. Konstituzioaren defendatzaileek erabakitzeko eskubidea Estatu espainiarreko herritar guztiei zegokiela zioten, erabakigaia Hego Euskal Herriaren geroa izanda ere. Konstituzioaren benetako «espirituak», aldiz, espainiarrei ere ukatzen die artikulu baten aldaketaz iritzia ematea!