Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
Kantu kontuan... «Eromena»!
Arnoiako hoteltxoan, 208. logelan, hasi zen jaialdia. Markelen «txurrukadak» irakurri bezain pronto, logela hori elkarbanatzen nuen lagunari erakutsi nion eta bere erreakzioa nirea baino beroagoa izan zen: «Bai, bai, mugitu beharra zagok! Ez diagu ezer galtzeko!». Jarraian, Markeli erantzuna: «Abisaute hago! Guk erasorako asmue jaukau... etorri nahi badok, gonbidapena hor daukek...».
Etapako ibilbideari begira, halako kimika bat sortu da; elkarri begiratu eta iaz San Lorenzo mendatean gora egin genuen antzera, Folgeiras de Aigas mendatean biok elkarrekin hanka egiteko plana egina genuen. Ondo konpontzen gara eta biok elkar hartzen dugunean edozein erokeri aurrera eramateko ausardia biltzen dugu. Hala ere, etapa hasiera oso gogorra zen eta gure antzera tropelean denek zuten aurrera egiteko asmoa. Liderra bera eta sailkapen nagusiko lehenak mugitu dira eta sekulako sarraskia antolatu da.
Aurten kantu ezberdinekin gabiltza gure zutabeak titulatzen («Basamortuko zaldunak», «Txanpon baten truke»...). Gaurkoan, Etsaiak taldearen «Eromena» litzateke egokiena.
Ihesaldi handia antolatu da, tartean Gorka, Igor eta ni ginen, baina Mikel ere nahi genuen eta Ancaresko portuan bakar-bakarrik alde eginda gerturatu zaigu. Orduan, Igor Antonen lana hasi da (honentzako beste abesti apropos bat: «Piztu da piztia!»). Eta apustua egin dugu, Mikel sailkapen nagusian ahalik eta aurreren kokatzeko. Lan handiak hartu ditugu eta beste iheskideen laguntza guk nahi adinakoa izan ez arren, geureari tinko eutsi diogu eta Ponferradara arte iritsi gara! Saria nahi baino txikixeagoa akaso, baina pausoz pauso aurrera egitea da garrantzitsuena!
Datozen bi egunetan ibilbide gogorrak izan arren, lasterketa lotuago joango den susmoa dugu eta zailagoa izango da gure erokeriak burutzea, baina... Itzuliko kantu ofizialak hala dio: «...cada día es una aventura, una oportunidad». Beraz... zeuek atera kontuak!