Trontza Euskal Herriko Txapelketa
Barberena anaiak ezustean hartzea oso zaila izango da
Nafarrak dira egungo txapeldunak, eta kanporaketan ere lehenak izan ziren alde nabarmenarekin.
Jon LEUNDA
Barberena anaiak izango dira faborito gaur, 18.00etatik aurrera, Donostian, Trinitate enparantzan, jokatuko den Euskal Herriko Trontzalarien Txapelketako finalean. Nafarrak dira egungo txapeldunak, eta kanporaketan ikusi zenaren arabera, gainerakoek oso lan zaila izango dute haiei aurre hartu nahi badiete.
Iraizotzeko anaiekin batera, Etxeberria-Astondoa, Lasaga-Galarregi, Cano-Maiza, Pikabea-Morrondo eta Iraola-Garmendia izango dira lehiatuko direnak.
Bikote bakoitzak 60 ontzako enbor bati hamar epai eman beharko dizkio enborra etzanda jarrita. Kana-erdiko bati, berriz, hamabi eman beharko dizkio, sei, enborra etzanda jarrita, eta beste horrenbeste, berriz, enborra zutik jarrita.
Kanporaketan, Barberena anaiek oso erraz lortu zuten garaipena, eta minutu eta erdi kendu zieten Etxeberria eta Astondoari. Gaur orduan baino lan handiagoa izango dute; horrenbestez, pentsatzekoa da Ultzamako bikoteak alde handiagoak aterako dituela.
Jaialdi berean emakumezkoen finala ere jokatuko da, eta hor lau partaide izango dira txapelaren lehian. Honako hauek hain zuzen ere: Ferran-Varela, Larrañaga-Bayer, Lopez-Itziar eta Sorondo-Garcia. Bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enbor bati hamar epai eman beharko dizkio. Faboritoak aipatzerakoan, Intxausti-Gorostidi egungo txapeldunak ez direla lehian izango kontuan izan behar da. Horrenbestez, iaz bigarren geratu ziren Larrañaga eta Bayer izan daitezke txapela lortzeko faboritoak, nahiz eta bikote berriak ere agertuko diren Donostian.
Txinga eta lasto-altxatze lehiak
Donostiako jaialdian, trontzalariez gain, Euskal Herriko txinga eta lasto-altxatze txapelketak ere jokatuko dira. Lasto-altxatze lehiaketan, Lauzirika, Ardeo, Amade, Tubi, Atutxa, Agirreurreta, Argaia, Arrieta, Sein, Bereu, Telletxea, Retegi, E. Telletxea eta Arbenoiz ariko dira. Bakoitzak 45 kiloko lasto fardoari ahalik eta jasoaldirik gehien eman beharko dizkio bi minutuko txanda bakarrean. Fardoa 7 metroko altuerara igo beharko dute.
Tubi izango da garaipena lortzeko faboritoa. Bera da azken urte hauetako txapelduna, eta errepikatzeko prest dago.
Txinga txapelketan, berriz, Agirregabiria, Larrazabal, Perez de Heredia, Perez, Sukuntza eta Thomas lehiatuko dira. Kirolari bakoitzak 50 kiloko txinga esku bakoitzean hartu eta ahalik eta plazarik edo metrorik gehien egitea izango du helburu. Juan Joxe Agirregabiria da egungo txapelduna, baita txapela lortzeko faborito nagusia ere. Itziartarra sekulako markak egiten ari da azken urteotan, eta zaila izango da bera mendean hartzea.