GARA > Idatzia > Kultura

NARRATIbA

Karabana bati jarraika

p046_f01_49x83.jpg

Xabier ETXANIZ

2010eko Durangoko azoka inguruan argitaratu zen Miren Agur Meaberen ipuin hau, eta bertako nobedadeen artean zarata handirik gabe igaro zen (beste lan on askori gertatu bezala). Rigel neskatoa eta bere amaren bizimodua kontatzen zaigu ipuin honetan, edo kontatu baino gehiago bizimodura hurbildu egiten gaitu ipuinak. Emakumezko bi horien bizitza ez baita erraza, ez bizitzeko ez kontatzeko; eta azken lan horretan, istorioa kontatze lanetan hegazti batzuek laguntzen digute: kardantxiloak, hegaberak, hontzak, beletzarrak eta lertxunek. Horiek guztiek beren ikuspuntutik osatzen baitute Rigelek narratzen duen istorioa.

«Zaplaztekoak malko bi atera dizkit. Bi. Bi zehazki. Ohituta nago negarrari eusten. Baina gaur ustekabean harrapatu nau amak, blaust! Eta tanta bi atera zaizkit, sorpresagatik, ez minagatik. Mina ondo jasaten dut. Bi malko isuri, eta kitto. Ez dut txintik esan. Gero lanera joan da ama». Hauek ditugu Rigelen lehen hitzak, bere burua eta egoera aurkezteko modua, eta irakurleak lehen lerro horietatik nabari du neskaren bizitza ez dela samurra. Aitarik gabe, amarekin bizi den neskaren bizitza dugu, eta sarri alde batetik bestera, karabana batean bizi direnena.

Rigelen eguneroko bizimodua ezagutuko dugu, zer egiten duen, amarekin duen harremana eta harreman horretan bada ipuinaren amaieran argitzen den gako bat, aitaren hutsunea, zergatik eta nola hil zen Rigelen aita. Baina bitartean, hondartza ondoko karabanan bizi diren bi hauen eguneroko egoera larria ezagutuko dugu, amak, batzuetan gizonak nola ekartzen dituen karabanara diru pixka bat irabaztearren, Rigelek  eskolan dituen arazoak, nola ihes egiten duen eta kamioilari batek bortxatu nahi duen… eta amaieran itxaropen txiki bat, ama eta alabaren arteko adiskidetzea, etorkizunari bion artean aurre egiteko asmoa.

Argumentua, ikusi ahal izan denez sendoa da, pentsarazteko modukoa. Gure inguruan larri bizi diren eta ikusten ez ditugun horiei erreparatzeko modukoa. Baina, horrez gain, Meabek idazkera oso landua erakutsi du ipuin honetan, gertakariak kontatzeko orduan, narratzeko eran… natura, astrologia eta poesiaren elementuak erabili ditu. Esaldi laburrak dira, tinkoak, gertakarien eta pentsamenduen deskribapenak:
«Haizeak ahotsa omen du. Nik esango nuke haizea idazluma bat dela. Hara zergatik.

Badihardut hondartzan neure tresnak jasotzen, karramarrotan egin eta gero. Arrantzarako amuzki gisa erabiltzen ditut karramarroak, izkirak eta halakoak.

Ez naiz arrantzale eskasa. Zarbasta pare bat harrapatu nuen lehengo batean».
Kontatzen duenagatik, eta kontatzen duen eragatik (Rigelekin batera hegaztiak narratzaile, idazkera tinko eta zaindua,…) ez da ohiko lana Meabek idatzi eta Aitziber Alonsok koloretan ilustraturiko “Errepidea” izeneko ipuin hau; Rigelen istorioa gogorra eta hunkigarria zaigu, une on eta txarrak erakusten dizkiguna, baina horren guztiaren gainetik istorio ederra dugu, ongi kontatua eta barne-barnean hunkitzen zaituzten horietakoa. Irakurlearen baitan sentimendu nahasketa izango dugu, baita itxaropenari deia ere, bizitzak aurrera darraielako, lertxunek ipuinaren azken esaldian esan bezala: «Gu hegan goaz, errepide gainean, karabana bati jarraika».

ERREPIDEA
Miren Agur Meabe.
Irudiak: Aitziber Alonso.
Erein, 2010.  
9,05 euro, 72 orrialde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo