GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Iker KARRERA | mendi lasterkaria

«Bigarren postua ezustekoa izan da; haatik, ondo egindako lanaren ondorioa izan da»

p043_f01_199x117.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Gipuzkoarrak «amets» ederra bizi izan du UTMBn lortutako bigarren postu horrekin. GARAri eskainitako elkarrizketan, Iker Karrerak berak aztertu digu eginiko lasterketa.

A zer ezustekoa eman duzun bigarren postu horrekin! Sinesten al duzu?

Sinetsi bai, hala izan delako. Maila horretan jardutea ez nuen espero. Hasieran ametsa balitz bezala ikusi dut, baina, behin oinak lurrean, ohartu nahiz urtean zehar oso lasterketa onak egin ditudala, eta postu hori horren ondorioa dela. Jakina, neure buruarentzat ezustekoa izan da. Batez ere zer-nolako korrikalariak zeuden ikusita; lehen hamarren artean sailkatzea nuen helburu.

Zure lehen aldia izan da UTMBn. Zer iruditu zaizu?

Izugarria! Mundu osoko lasterkariek irteera puntuan egon nahi dute, eta jakina, ultra trail guztien artean entzutetsuena da. Mont Blanceko ingurua eta lasterketaren ibilbidea ederrak dira; antolaketarekin harrituta geratu naiz; korrikalarien maila eta jarrera apartekoa da... Hitzordu hori denok dugu helburutzat.

Gainera, aurtengo ekitaldian munduko espezialista indartsuenak elkartu zarete.

Hala da. Horien guztien artean lehiatzea ederra baino ederragoa izan da. Lagun batek gogorarazi dit mundu mailako sailkapenean bigarren sailkatua naizela. Ez diot garrantzi handirik ematen, baina atsegina da ikustea ni neu punta-puntan nabilela.

Argi asko dago lasterketara sasoiko iritsi zinela. Nola planifikatu zenuen zure jarduera?

Lasterketaren aurretik aipatu nuen nire lasterketa egitera aterako nintzela, ez nuela asmorik onenekin itsutzeko, eroso joango nintzela... Baina, behin irteeran, eguraldi gaiztoa egiten zuenez, gauean taldean joatea erabaki nuen; hots, Miguel Heras taldekidearekin eta beste batzuekin. Zorionez, tropel buruan joan ginen, oso eroso, eta eutsi egin nion.

Zure lehen aldia izateko, nola azal zenezake lasterketa osoan Kilian Jornetekin batera buruan joatea?

Oso erantzun soila du. Kilianek oso-oso lasterketa erosoa egin zuen, besteak beste, jakin bazekielako nahi zuenean ihes egingo zuela. Aitortu zidan UTMB bi aldiz irabazi zuela eta nahiago zuela taldekideekin joan, hots, Miguel eta nirekin batera. Lasterketa erabat kontrolatuta zeukan eta nahiago izan zuen gozatu. Hori bai, erritmo bizia jarri zuen, eta horren ondorioz, errekorra erdietsi zuen.

Bigarren sailkatua, baina Jornetengandik soilik 9 minutura helmugaratua, 20 ordu eta 45 minutuko denbora eginda. Zerk du zuretzat garrantzi handiagoa?

Biek, jakina. Baina gehiago baloratzen dut denbora hori egin izana, eta bigarren sailkatzea.

Euria, hotza, elurra, ibilbide gogorra, distantzia handia... Astindu ederra!

Euriarekin ez naiz ondo moldatzen. Gogorrena distantzia izan da. Lasterketak ez dizu atseden apur bat hartzen uzten. Eta, gainera, korrikalariak gaude; guk geuk egiten dugu lasterketa bat gogorragoa edo lasaiagoa.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo