GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Itsasoa

Billabong Pro Tahiti 2011 Ikuskizuna eta itsaski historikoa

Pasa den astean sekulako itsaskia izan zen Ozeano Barean. Tahitiko txapelketa lekuko zuzena izan zen, olatu paregabeak izan ziren.

p046_f01_199x129.jpg

p046_f02_148x121.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Aurten WCT zirkuitua osatzen duten hamaika probetako bosgarrena, Billabong Pro Tahiti 2011, inoiz ikusi ahal izan den txapelketa ikusgarrienetakoa izan da. Orain bi aste irla polinesiarrean dagoen Teahupo'o olatuaren berezitasunak aipatu genituen atal honetan bertan. Baldintza desberdinen arabera, olatuak hartzen duen forma nola aldatzen den azaldu genuen. Azken txapelketa honetan adibide anitz ikusi ahal izan dugu, denetarik izan baita, olatu txikietatik hasi eta erraldoietara.

1996ko uztailean, hego hemisferiotik zetorren itsaski handi batek itzelezko olatuak sorrarazi zituen Tahitin, Hawaiin, Kalifornian, baita Alaskan ere. Itsaski hartako olatuak hartu zituzten Teahupo'o-n Mike Stewart eta Ben Severson bodyboard-zaleek. Ordutik, gero eta ezagunagoa egiten hasi zen Tahitiko olatua.

Hasiera batean, zutik surf egitea ezinezkoa zela pentsatzen zuen jendeak, baina pixkanaka gero eta gehiago ziren surf egiten ausartzen zirenak. Horrela, bi urteren buruan jada munduko olatu famatuenetakoa zen Teahupo'o.

1999an egin zuten lehen aldiz WCT zirkuituko txapelketa Teahupo'o-n, eta ordutik zirkuituko txapelketa finkoetako bat da. Lehen urtean, Mark Occylupo australiarrak irabazi zuen. Bigarren urtean, berriz, Kelly Slater izan zen garailea. Aurtengo txapela kontuan hartuta lau bider irabazi du Slaterrek Tahitin (2000, 2003, 2005, 2011).

Hirugarren urtean ez zen txapelketarik izan, irailaren 11n New Yorken izandako gertakariengatik zirkuitua etetea erabaki baitzuten antolatzaileek.

Laugarren urtean Andy Irons izan zen irabazlea. Iaz Dallasen zendu zen Andy Irons hawaiiarrak bi bider lortu zuen Teahupo'on irabazle ateratzea, lehenengoa 2002. urtean eta azkenengoa iaz. Bere heriotzaren urteurrena oraindik bete ez denean eta iazko bere garaipena gogoan, bere oroimenak izan du islarik azken txapelketan. Bere figurari gorazarre egin diote txapelketako hainbat ekimenetan eta bere anaiari oroitarri berezi bat oparitu zioten. Hain zuzen ere, olatu erraldoiak izan ziren egunean ikusi ahal izan genuen bere anaia, Bruce Irons, moto baten laguntzaz olatu munstroak hartu eta sekulako tuboak egiten.

Andyrekin batera, txapelketa hau birritan irabazi duen lehiakide bakarra Bobby Martinez da, baina aurten Bobbyk ez du parte hartu nahi izan, eta hautsak harrotu ditu horrek.

Tahitiko titulua bi bider irabazi duen (2006. eta 2010. urteetan) Bobby Martinez kaliforniarra ezaguna da gurean; izan ere, Mundakan egiten zen munduko txapelketan, bi urtez jarraian irabazi zuen txapela, 2006an eta 2007an.

Bobby ez zen Tahitiko txapelketan izan, baina albiste bilakatu zen, egin berri zioten elkarrizketa batean WCT zirkuituko arautegi berriarekin bat ez datorrela eta zirkuituan jarraitzeko asmorik ez duela iragarri baitzuen.

Hegoafrikan egin zen zirkuituko azken txapelketan hiru lehiakide esanguratsu falta ziren, Kelly Slater, Dane Reynolds eta Bobby Martinez. Aurten ASPk ezarri duen legedia berria eta zirkuitu formatuarekin ados ez zeudela zioen zurrumurrua zabaldu zen. Surf aldizkariak motibazio faltaz mintzo ziren, baina lehiakideetako inork ez zuen hitzik esan.

Kellyk azken txapelketan parte hartu eta irabazi egin du, eta modu horretan motibazio faltaren afera apur bat baretu da. Dane Reynoldsek oraindik ongi sendatu gabeko lesio bat duen aitzakiarekin jarraitzen du, nahiz eta Mexikoko olatuetan surf egiten azaltzen den bideoak argitaratzen dituen. Baina Bobby Martinezek hitz egin du. WCT zirkuitua hartzen ari den norabidearekin ez dagoela ados esan du, eta New Yorken egingo den txapelketan parte hartuko badu ere, lehiatzen duen azken txapelketa izango dela iragarri du. Beraz, ez dago batere gustura WCT zirkuituan eta uztea erabaki du.

Hegoafrikan egin zen zirkuituko azken txapelketan baldintza kaskarrak izan ziren, eta ondorioz, Jeffreys Bay oso olatu onak dituen leku bat izan arren, aurtengo txapelketan olatu eskasak izan ziren.

Orain urte batzuk ASP erakundeak (goi mailako txapelketen araudiaz eta kudeaketaz arduratzen den erakundea) puntako surflariek puntako olatuetan lehiatu behar zutela erabaki zuen, eta ordutik, WCT zirkuitua osatzen duten lekuak olatu onak dituzten lekuak izaten dira.

Mundaka, WCT zirkuituan eranstea erabaki bazuten, horregatik izan zen, WCT txapelketa bat egiteko behar adinako kalitatea duen olatua delako. Zoritxarrez, nahiz eta olatua bikaina izan, berau lehertzeko beharrezko baldintzak anitzak direnez, eta ondorioz, olatua behar bezala lehertzen den egunak urriak direnez, zirkuitutik ezabatzeko erabakia hartu zen.

Mundaka bezala, badira zirkuituan txertatu eta ezabatu dituzten beste zenbait leku, baina leku batzuk urtero daude WCT zirkuituko zerrendan eta Teahupo'o da horietako bat. Azken txapelketan ikusi ahal izan zen Tahitiko kostaldeak zer-nolako eskaintza zabala duen, baina batez ere Teahupo'o-ko olatuaren potentziala geratu zen agerian. Itzelezko olatuak izan ziren txapelketak iraun zuen bitartean.

Denetariko baldintzak izan ziren Tahitin, maniobrak egiteko olatuak lehen egunetan, haizerik gabeko olatu perfektuak jarraian, tubo borobilak ondoren, olatu munstroak egun lainotu batean eta hiru eta lau metroko tubodun olatu perfektuak finalean.

Itsaski handia sartu zen egunean olatuak handiegiak ziren arraun eginaz hartzeko; beraz txapelketa etetea erabaki zuten antolatzaileek, baina hala ere itzelezko ikuskizuna izan zen egun hartan; izan ere, surflari batzuk uretako motoen laguntzaz olatuak hartzen ibili ziren. Irudiak beldurgarriak ziren.

Azken txapelketa hau oso arrakastatsua izan da, baldintza ezin hobeak izan baitira txapelketa guztian zehar. Gainera teknologia berriak erabili dituzte, olatuen errepikapenak ikusi ahal izateko, lehiakideen puntuazioak erakusteko, bi lehiakideren olatuen konparaketa zuzenak eta abar. Ez da horrelako beste txapelketarik izango denbora askoan.

Azkenean, Kelly Slater izan zen irabazlea. Uztailean Hegoafrikan egin zen txapelketan parte hartu ez arren seigarren postuan aurkitzen zen ranking orokorrean eta Teahupo'o-n irabazi ostean lehen postuan jarri da berriz ere.

Owen Wright australiarra eta Kelly Slater estatubatuarra izan ziren finalean. Australiarrak 9'27 puntu jaso zituen tubo bat egin zuen, baina bi olatu dira kontuan hartzen direnak eta ez zuen lortu Kellyk bildutako 18'43 puntuak gainditzea.

Hala ere, oso ongi etorri zaio bigarren postu hau australiarrari, ranking orokorrean bosgarren postura igotzea lortu baitu. Momentu honetan Jordy Smith aurkitzen da sailkapeneko bigarren postuan eta Joel Parkinson hirugarrenean.

Hurrengo txapelketa Long Island-en izango da, irailaren 4a eta 15a bitartean, Quicksilver Pro New York. Inoiz ez bezalako diru saria izango da irabazlearentzat, 1.000.000 dolar. Ziur aski, ez da lehiakiderik faltako.

laugarren txapela

1999an egin zuten lehen txapelketa Tahitin, eta Mark Occylupo izan zen irabazlea. Bigarren urtean Kelly Slaterrek irabazi zuen eta ordutik, azken garaipen hau kontuan hartuta lau bider lortu du Teahupo'o-ko txapela, 2000, 2003, 2005 eta 2011. urteetan.

Andy Irons

Iaz Dallasen zendu zen lehiakidearen oroimenez ekitaldiak egin zituzten txapelketan zehar; izan ere, bera izan zen irabazlea iaz, baita 2002an ere. Haren anaia Bruce, olatu erraldoiak hartu eta sekulako tuboak egiten aritu zen itsaski handiaren egunean.

beldurgarria

Itsaski handia sartu zen egunean olatuak handiegiak ziren arraun eginaz hartzeko, eta lehiaketa etetea erabaki zuten antolatzaileek. Batzuk uretara sartu ziren halere, eta ikuskizuna beldurgarria izan zen: motoen laguntzaz hartutako olatu erraldoiek irentsi egiten zituzten surflari ñimiñoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo