GARA > Idatzia > Kultura

Txotxongiloen magiak irribarrea marraztu du, Sestaon, handien eta txikien aurpegietan

Txotxongilo Egunak Sestaoko kaleak magiaz bildu ditu berriro, hirugarren urtez. Asteburu osoa hartzen duen jaialdiak urtez urte ikusle gehiago ditu, titiriteroen lanak Euskal Herrian duen harrera onaren seinale.

p051_f02_148x108.jpg

Nerea GOTI | SESTAO

Atzoko irail hasierako goiz euritsu eta ilunari irribarrea marraztu zion Txotxongilo Egunak Sestaon. Hiriaren bihotzean, San Pedro plazan bertan, euriaz babesteko karpen azpian, eskuz egindako panpin liluragarriak ikusgai eta salgai zituen Clotak; bizitzaz beterikoak. Esku trebeek eragindako keinu batekin, edonoren begirada harrapatzen duten iratxo itxurako aurpegitxo horiek harrera ezin hobea egiten zieten oinezko goiztiarrei.

Ondoko karpako Sortzen taldearen veneziar makillajearen eskaintzaren emaitza berehala izan zen ikusgai. Adin guztietako sestaoarrak igaro ziten makillatzaileen eskuetatik, eta hala, fantasiaz beteriko begiradak zabaldu ziren han eta hemen.

Kasko plazan, Colectivo Humoren «El caballero Griforroto» ikuskizunak zabaldu zuen egitaraua, eta horren ondotik, Corrado Masacciren «Paracalles» eta Irrintziren «Bakartxoren zapatilak» antzezlanek bete zuten eguerdia.

Azken arrastirako antzezkizun bi proposatu zituen egitarauak, Toni La Sal-en «Birusak erasoan» eta Taun Taun-en «Txio txioka», Musika Eskolan.

Eguraldiak kale ikuskizunei atzo jarri zien zailtasunak gaindituta, familia ugari ikusi genituen antolatzaileekin eta artistekin harreman zuzenean. Zoru bustiari erremedioa ipini behar zitzaiola-eta, adibidez, gurasoek eurek eskatu zuten aurreko eguneko plastikoa ateratzeko, umeak jesarrita egon zitezen istorioaz hobeto gozatzeko, eta antolakuntzak berehala aurkitu zuen konponbidea.

Nati Cuevas, Txotxongilo Egunaren koordinatzailea, ikuskizunen eta publikoaren beharrei adi aurkitu genuen, argazki kamera eskuetan zuela. Balorazio ezin hobea egin zuen azken txanpan zegoen jaialdiari buruz. «Oso balorazio ona egiten dugu, parte-hartzea gero eta handiagoa dela ikusten dugulako», adierazi zuen. Izan ere, Sestaon hirugarren urtea du Txotxongilo Egunak -egitarauak asteburu osoa hartzen du-.

«Jendeak barneratu du hau beste jai bat dela, azaroko jaialditik apartekoa, eta ikusleen artean batez ere familiak ditugu», zehaztu zuen. Gaineratu zuenez, taldeek ilusio handiarekin hartzen dute Sestaoko gonbidapen hau eta jendeak ere gogotik erantzuten du. Sestaon badago txotxongiloen inguruko kultura handi bat, eta azaroko jaialdiak eta iraileko hitzordu honek zaletasun hori elikatzen dute, arduradunaren esanetan.

Txotxongilo ikuskizunen egoera orokorrari buruz galdetuta, UNIMA nazioarteko txotxongilo elkarteko Euskal Herriko ordezkariek antolatzen duten jaialdiko koordinatzaileak argi dauka arte eszeniko hau osasuntsu dagoela, eta elkarteak darabilen zifra bat ipini zuen adibidetzat: «Urtean 200.000 umek ikusten dituzte txotxongiloak, oso ikuskizun gutxik dute halako harrera». Horren harira, aurten hamabi taldek parte hartu dutela eta beste horrenbeste kanpoan geratu direla gaineratu zuen.

«OSASUN ONA»

Txotxongilo Egunaren antolatzaileek, urtetik urtera gero eta ikusle gehiago dituen jaialdi honi buruzko balorazio ona egin dute, eta publikoaren zaletasuna elikatzen duela nabarmendu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo