Zaharren egoitzetako errealitatea azaleratzen, Echaburu eta Daniels
Getxophoto jaialdian erakusketa bana paratu dute argazkilariek. Suediarrak Frantzian hartutako argazkiak dakartza, eta alhzeimerra duten nagusiak agertzen dizkigu. Jatorri euskalduna duen bartzelonarrak, berriz, zaharren egoitzen alde ludiko eta baikorra erakusten digu.
A. BILBAO | GETXO
Zahartzaroari gorazarre egiten dio Getxophotok aurten, bosgarrena duen jaialdian.
Gaiari helduz, bertaratu diren argazkilarien lanen artean bik zaharren egoitzetara jo dute, eta oso errealitate ezberdinen islak eman dituzte. Maja Danielsek (1985, Suedia) Frantziako erietxe batean alzheimerrak jota dauden gaixoak agertu ditu «Into Oblivion» lanean, eta euskaldun jatorria duen Josep Echaburuk (1967, Bartzelona) berriz, oso emaitza baikor eta umoretsua lortu du «Centro de vida» sortan.
«Tamalez azkar zahartzen ari den gizarte batean bizi gara, eta ez dugu diru nahikorik (edo ez dugu erabiltzen) gure zaharrak eta beren eritasunak zaintzeko», esan digu Danielsek. «Nire sorta, ospitaleko zuzendariak bertara gonbidatu ninduenean egin nuen». Alzheimerrak jotako zaharrekin egin du lan suediarrak, eta dioenez, «asko hunkitu ninduen beren bizimoduak. Itxita bizi dira egun, ez dira gai beren kabuz moldatzeko eta ezin dute ospitaleko atea zeharkatu, ustez beraien segurtasunerako». Horregatik, ospitaleko atea ikur gisa erabiltzen du Danielsek argazkietan. Bere aburuz, «albisteak ikusten baditugu, ez dago interesik honetan, arrakastari, gaztetasun eta edertasunari baino ez diogu erreparatzen egungo gizartean eta beldur diogu eritasunari, zahartzeari, heriotzaz mintzatzeari».
Bizipoza
Echaburuk, berriz, arras bestelakoa den errealitatearen berri ematen du argazkietan. «Geriatrikoen `beste aurpegi' bat eman nahi nuen» dio, sarritan toki ilun eta tristetzat baititugu. «Sorpresa hartu nuen Mossen Vidal Aunos Sants auzoko (Bartzelona) zaharren egoitza ezagutzean. Makina bat zeregin dute bertan, oroimena lantzeko ariketak, aisialdiko ekintzak... eta bertan lan egiten duten profesionalen lana goraipatu nahi dut, maitasun handiz, lan ikaragarria egiten baitute».
Echabururen laneko argazki bakoitzak, komikoa ez bada, baikortasun eta umore printzak ageri ditu. «Apropos bilatua. Oso geriatriko koloretsu eta argitsua zen, eta errealitate gogorrak ere badiren arren, alaitasuna aurkitu nuen bertan». Echaburuk sei hilabete eman zituen lanean, lehen biak elkar ezagutzen. «Bukatzean ohartu nintzen, beraiek esanda, bizipoza ekarri ziela egitasmoak».