GARA > Idatzia > Kultura

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musikaren salmentak

Noiz? Noiz arte? Nolakoak? Nola? Non? Nongoak? Zer? Zertarako? Zenbat? Zenbatekoak? Hainbat galdera egin daiteke musikaren salmentaren inguruan. Musika hitzaren barruan makina bat atal dago eta industriarena (diskogintza, zuzenekoak, banatzaileak, dendak, editorialak, argitaletxeak musika liburuekin, zinea...) beheraka dator inolako etenik gabe, nahiz eta salbuespenak egon badiren.

Disko fisikoen salmentaren miseriaren putzuaren sakontasuna oraindik ez du inork ikusi. Disko-dendak desagertzear daude. Erosketa fisikoa deseroso bihurtu da. Sarean gauzatzen diren salmentek ez dute disko fisikoak galdutako kopurua lortu, ezta lortuko ere, eta are gutxiago Euskal Herrian. Musika industriaren birmoldaketa esparru guztietara iritsi da.

«Multi» handietan gertatzen ari den birmoldaketa latza eurek egosi eta jaten ari dira, langile xumeek izango dute hor ere zartadarik bortitzena. Multien industriaren labirintoak toki batean galdutakoa beste nonbait sasi berreskuratzearen filosofia du. Haietako batzuk ere zartada bikainak izan dituzte eta fagotizazioaren legeak berdin balio du industria txikietan zein erraldoietan. Beti baten batek aterako du industria etekina. Musika-erosle konpultsibo gutxiago dago. Musika erosteko gero eta ohitura ziztrinagoa dago. Kotxeetan bezala, izugarri garestiak diren musika-kutxa ikaragarriek ongi engainatzen dute poltsikoa opariak egiterakoan. Musikaren salmenta oparietarako soilik?

Kultura industria indartsu batek kultura indartzen duela diote. Indartzen dena industria da. Industriatik harago zerbait egon litekeelakoan...