GARA > Idatzia > Mundua

De Villepin, «Clearstream auzian» errugabe atera dela-eta, Eliseora begira

Auzitegiak Dominique De Villepinen absoluzioa baieztatu ondoren, lehen ministro ohi frantziarrak bere karrera politikoari ekin dio berriro eta presidentetzako hauteskundeetan parte hartzeko asmoa berritu du. Hala ere, beste salaketa batek mehatxatzen du asmo hori.

p018_f01_148x108.jpg

GARA | PARÍS

Parisko Dei Auzitegiak Dominique de Villepin «Clearstream auzian» absolbitu duela baieztatu zuen atzo, eta modu horretan, presidentetzako hauteskundeetan parte hartzeko asmoa aurrera atera ahal izango du lehen ministro ohiak. Bidea ez du erabat garbi izango, halere, Afrikatik jasotako ezkutuko finantziazio salaketak direla-eta.

«Inoiz izan ez dudan moduko sei urteko egoneza bizi izan ondoren, gure justiziaren independentzia goraipatu nahi dut, presio politikoei aurre egiten jakin izan duelako», adierazi zuen auzi aretotik irten ondoren.

Jacques Chiracekin lehen ministro izan zena (2005-07) beste auzi batean ere errugabe geratu zen, 2010ean. Atzo jakinarazi zuten epaiaren zain zegoen, datorren maiatzean izango diren presidentetzako bozetan parte hartuko ote duen baieztatzeko. Gaineratu zuenez, inoiz baino ziurrago daki «frantziarren alde» lan egin behar duela.

Kalumniak

«Clearstream auzia» kalumnia afera handia da: hainbat banku zerrendetan izen batzuk gehitu ziren -Nicolas Sarkozyrena besteak beste- ustelkerian ari ziren itxura emateko. Amarru honek Sarkozyren izena zikintzea zuen helburu, 2007ko presidentetzako hauteskundeen aurretik.

Presidente frantziarrak, hasieran, salaketan parte hartu zuen eta errudunak «harategiko kakotik zintzilikatzeko» agindu zuen. Baina gero ez zuen salaketan aurrera egin. Nolanahi ere, auzitegiak Jean-Louis Gregorin EADS talde aeronautikoko presidenteorde izandakoari hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion, konplot honetako burua zelakoan. Zigor berdina jaso zuen Imad Lahoud matematikariak, bankuko zerrenda faltsuak egiteagatik.

Halere, De Villepinen aurka 15 hilabeteko zigorra eskatzen zuen auziak ez du aurrera egin. Salaketaren arabera, zerrenda faltsuen berri izan arren, ez zuen kalumnia ezer egin gelditzeko.

Hauteskunde inkestek oso boto gutxi lortuko lukeela diote (%2 eta %4% bitartean). Bi urteotan Sarkozyren aurka egin dituen adierazpenek ere ez zioten mesede handirik egingo. Gainera, oztopoak ez dira hor bukatu. Igandean bertan ezkutuko finantziazio salaketa bat atera zen argitara. Robert Bourgi Afrikako arazoetarako kontseilariak adierazi zuenez, 1995. eta 2005. urteen bitartean De Villepinek eta Chiracek milioika dolar eman zieten Afrikako estatuetako hainbat bururi.

dirua Afrikan

Beste auzi bat azaldu da De Villepinen aurka: Chiracekin batera, Afrikako herrietako hainbat bururi dirua banatu izana egozten diote. Abokatuek lehenbailehen deklaratzea eskatu dute beste «Clearstream auzi» bat delakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo