«Itsasturiak», marinelen gogo eta bizipenak protagonisten ahotik
«Itsasturiak» erakusketak portuan lanean aritu ziren gizon eta emakumeen oroitzapenak jartzen ditu agerian. Marinelen lan gogorrak itsasoak be-rekiko sortzen duen maitasunarekin egiten du topo. Donibane Lohizuneko Ducontenian izanen da urriaren 16ra arte; gero, Biarritz, Baiona eta Donostian izanen da ikusgai.
Idoia ERASO
Donibane-Ziburuko portuan XX. mendean lanean aritu ziren gizon eta emakumeen testigantzak dira «Itsasturiak» erakusketaren muina. Marinel, zurgin, saregile, erizain, kontserbagile... portuaren inguruan atzematen ahal ziren lanbide guztiek badute beren txokoa. Bizipen horiek guztiak entzutean sentitzen dena Euskal Kultur Erakundeko presidente Mikel Erramouspek arras ongi azaldu zuen erakusketaren estreinaldian: «Biziki hunkitua izan naiz, hunkigarria da».
EKEk «Eleketa» ahozko memoriaren bilketa lanaren baitan itsasoko munduari eskaintzen dion monografikoa da hau. Erakusketa interaktiboa da, non, sei alorretan banatuta, elkarrizketaturiko hogeita sei pertsonaren testigantzen zatiak entzun daitezkeen.
«Garai onak ziren horiek», adierazi zuen Dominique Lavillard itsasgizonak Ducontenian entzungai diren errezitazioak laburbilduz. Geroztik, portuko bizia eta lan bolumena asko txikitu dira, horregatik bilduriko informazioa arras garrantzitsua dela nabarmendu zuten elkarrizketatu zein antolatzaileek. «Mundu hori joana da, edo joaten ari da, eta izugarri inportantea da gazteek jakin dezaten zuen bizia nolakoa zen», gehitu zuen Mikel Erramouspek.
Lanbide latza
«Lanbiderik gogorrena da. Marinel zauritu bat sendatzeko itsasontzi batera igo nintzen lehen aldia oraindik gogoan dut. Hamahiru gizon zeuden espazio bakar batean; ez zuten tokirik lasai egoteko», adierazi zuen itsasgizonen erizain lanean aritu zen Kattalin Salhak. Gizonek izan behar zuten gogortasuna ere nabarmendu zuen erizainak: «Itsasoan zirenean eta zerbait gertatzen bazitzaien portura ailegatu arte itxaron behar izaten zuten, batzuetan orduak edo egunak izaten ziren».
Horixe bera da elkarrizketak egiteaz arduratu den Terexa Lekunberrik bilduma egin ondoren jaso duen ondorioetako bat ere: «Lan bortitza baita gehienek ez lukete nahi beraien semeek bide hori segitzea. Aldi berean mundu horretako elkartasunak hunkitu nau. Indar kolektibo horri esker zenbat gauza atera dituzten aurrera».
Rosette Nerou saregilea ideia horrekin bat etorri zen: «Oso solidarioak gara. Denak elkarrekin egoten ginen». Hitz hauek Irene Menat, bere ahizpa, eta Kattalin Salha besarkatzen zituen bitartean erran zituen. Kattalin Salhak hitz horiek berretsi zituen: «Ez gara anitz, baina oso maite gara».
Itsasoarekiko maitasuna
Elkarrekiko maitasuna bezala itsasoarekiko dutena ere nabarmena da. Leon Mugicaren hitzek ongi islatzen dute sentimendu hori: «Itsasoan denbora txarra zenean, mila aldiz erran diot nire buruari lan hori utzi behar nuela, baina inoiz ez naiz atrebitu arrantza uztera, sobera maite nuelako». Gaur egun ere itsasoarekiko lotura handia sentitzen du: «86 urte baditut eta ez nituzke zortzi egun pasatu nahi itsasoa ikusi gabe».
Maitasun hori marinelengan bezala portuan aritu ziren beste langileengan ere nabarmena zen. Dominique Duhat zurginaren lana goraipatu nahi izan zuen Leon Mugicak: «Edozein orenetan deitzen ahal genuen edozein gauzatarako. Goizeko ordu bietan etortzen zen barkua konpontzera, gu hurrengo egunean arrantzara joan ahal izateko». Zurginaren lanaz gain, mekanikariena ere gogorarazi zuen.
Belaunaldiz belaunaldi pasatzen den sentimendua dela azaldu zuen Dominique Duhaten alabak: «Ziburun bizitzen segitzen dugu eta beti itsasoari begira gara. Nire semeak arrantza lanbide ez badu ere, bere itsasontziarekin ateratzen da arrantzatzera».
Maitasuna ez bezala, lana ez da horrela mantendu, gaur egungo egoera definitzean bi joera ikusi ditu Terexa Lekunberrik elkarrizketatuen artean: «Badira baikorrak, Mikel Epalza bezala, oraindik gero bat badela pentsatzen dutenak, kalitatea eta ingurumena errespetatuz. Gehienak ezkorragoak dira, ezagutu dutenaren ondoan portu hutsa ikusten dute». Olivier Azarete arrantzale gaztea bezalako jendea gelditzen dela azpimarratu nahi izan zuen Lekunberrik.
Euskara ere galtzen ari da portuko bizian. Erakusketako testigantzak euskaraz, frantsesez eta gazteleraz ulertzeko prestatuak badira ere, elkarrizketatuen hizkuntza sarritan frantsesa dela ikusten da. «Luxiano Aranbarrik euskararen desagerpena aipatzen du bere hitzetan. Hegoaldetik arribatu zenean Donibaneko portuan denak euskaraz ari zirela erran zuen eta azken 25-30 urteetan nola txikitu den euskararen tokia azaldu zuen Terexa Lekunberrik. Gehitu zuen: «Transmisio katea hautsia izan dela atzeman dut».
Barkuak arrantzaren oinarri
Testigantzak erakusketaren muina badira ere, argazkiek eta itsasontzien maketek osatzen dute. Mikel Epalzaren «Altxa Mutillak» liburutik hartutako argazkiak eta Sebastien Hustek egindakoek apaintzen dituzte Duconteniako paretak.
Itsas Begia elkarteak utzi ditu arrantzaren historia grafikoki erakusten duten maketak. Aurten 30. urteurrena ospatzen duen elkarteak arrantza teknikaren garapena erakusten duten bederatzi maketa eskaini ditu. Elkarteko presidente Antton Goikoetxeak egin lanaren garrantzia nabarmendu zuen: «Itsasontzirik gabe ez da arrantzarik, barku hauetako maketek ere testigantza ematen dute. Arraun itsasontzien bukaera, lurrunezko makinekin ibiltzen zirenak eta azkenik modernizazio garaia, ahalik eta gehien arrantzatu ahal izateko barkuak, badira».
Maketa horiek duten historia bikoitza dela ere gaineratu zuen Goikoetxeak: «Barku horietako batzuk bertan bizi izan ziren marinelek egin zituzten».
Euskal Kultur Erakundeak antolatu duen erakusketak portuko bizitza erakustea du helburu, eta horretan emakumeen tokia garrantzitsua da. Leon Mugica marinelak emakumeen gogortasuna horrela deskribatzen zuen: «Portuan emazteak gizonak bezala `tenk' ziren, beti gogor atxikitzen zuten».
Erizainek, saregileek eta marinelen emazteek beren tokia ere badute erakusketan. Kattalin Salha erizaina zen marinelen artean, Senegaleko kanpainetan Dakarren izan zen hainbat urtez: «Esperientzia izugarria izan zen, arras gogorra zen. Lan eta bizi kondizioak ikaragarriak ziren». Vagabond itsasontziko Dominique Lavillardek oraindik gogoan du Salharen lana: «Hemezortzi ordu neramatzan ia hilik eta berak salbatu ninduen. Ahoa erdi hautsia nuen, eskerrak hor zela».
Saregileen lana ere ikusten da, Rosette Nerou eta Irene Menat ahizpen bitartez. Garai batean hiru urteko ikasketak egitera behartu zituen lanbidea desagertu dela kontatzen dute. «Guk hamar bat emazteri erakutsi genien lanbidea, baina orain ez da lanik, joan den urtean egun bateko lana izan zen. Lana badenean, gu deitzen gaituzte, zahar etxera ere etorriko dira gure bila», erran zuen Nerouk ironiaz.
Marinelen emazteek senarrak itsasoan zirenean bizi zutena goraipatu du Mugicak: «Lan guztiak egin behar izaten zituzten, emazte zein gizonena; bizi latza da hori». Teresa Lekunberri, testigantzak biltzean, indar horrekin hunkitua izan da: «Harrigarria da nola emazteek bazuten botere osoa buruan-buru bakarrik baitziren. Batek kontatu zidan nola 1965an lurra erosi eta etxea egiten hasi zen bera bakar-bakarrik». I.E.
Erakusketan ikusgai diren elkarrizketa zatiak Interneten ere badira ikusgai itsasturiak.com webgunean. Elkarrizketa osoak Baionako artxibategian gordeko dira pertsona eta gaika sailkatuta.
26
Terexa Lekunberrik portuan lan egiten zuten 26 pertsonari egin die elkarrizketa. Elkarrizketa horien guztien aukeraketak osatzen du erakusketa.
«Itsasturiak» erakusketa portuko bizimoduak zituen berezitasunak gordetzea du xede, baina ez da lan horretan bakarra. Lapurdi aldean galtzear den mundu horrek zituen altxorrak ezagutarazi eta gordetzeko ekimenak gero eta ugariagoak dira.
Egunotan Donibane Lohizuneko erakusketarekin batera beste bi ireki dituzte inguruko herrietan. Ziburun Patchiku itsasontziaren babeserako elkarteak erakusketa bat estreinatu du, «Patchiku, Marinelen patua».
Azkaingo Bil Toki gelan «Harrobitik porturat» erakusketa eta hitzaldiak izanen dira, garai bateko errealitatearen erakusgarri. I.E.