kirol eskalada | Jarduerak
Han-hemen, astindu ederrak zailtasun handiko erronkei
Adam Ondrak, adibidez, 8c graduko bloke bat eta 9a+ zailtasuneko bide bat egun berean sinatu ditu. Sasha Digiulianek, berriz, 8b bistaz eta 8b+ landuta, egun berean berak ere. Eta Charlotte Durifek adierazi du Verdonen 9a zailtasuneko bide bat kateatu duela.
Andoni ARABAOLAZA
Ez da harritzekoa, baina azpimarratzekoa bada lerrootako hiru protagonistek uda honetan lortu dutena. Laburpena besterik ez da; izan ere, Adam Ondra, Sasha Digiulian eta Charlotte Durif, goi mailako beste eskalatzaile batzuk bezala, geratu ere egin gabe ibili dira muturreko zailtasunean.
Kronika hau hasteko, Ondrari lekutxoa egingo diogu. 18 urteko txekiarrak beste behin ahoa bete hortz utzi gaitu. Etxean zein leku urrunetan izan da, eta guztietan zerrenda oparoarekin amaitu du. Baina gure aldetik, etxean, Txekiar Errepublikan, lortutakoa aipatuko dizuegu.
Hegoafrikatik itzuli bezain laster, Ondra Holstejn izeneko alderdian «Pata ledovce» blokea sinatu zuen. Ondrak berak zabaldutako blokea da, eta Ondra berak sinatu du lehen igoera. Proposatutako zailtasuna: 8c. «Indar-erresistentziazko bulderra da, eta guztira hamabost mugimendu ditu. Iaz saio dezente eman nizkion, baina uda honetan, ezustean, oso samur gainditu dut», adierazi du txekiarrak.
Bloke hori sinatzea gutxi balitz bezala, Ondrak, jarraian, arnesa gerrira lotu eta «Perlorodka» bidea kateatu zuen. Azken bi urteotan erronka izan du, eta igo bezain laster 9a+ bezala aurkeztu du. «Marra ederra, etxe ondoan dudan ederrenetarikoa. Pozarren nago kosta egin zaidalako; uste nuen ez nuela inoiz kateatuko», dio Ondrak.
Irakurri moduan, 8c zailtasuneko bloke bat eta 9a+ graduko bide bat, egun berean.
Maila gorenean
Digiulian estatubatuarra dugu. Ondrak bezala 18 urte ditu, eta Ondrak bezala egun berean bi jarduera bikain sinatu ditu. Estatubatuar gaztea Rodellarren (Huesca) ibili da uda honetan, eta bere hirugarren 8c+, «Cosi fan tutte extension», sinatu ondoren, gai izan da egun berean 8b bat bistaz («Eclipse cerebral») eta 8b+ landuta («Maskoking») igotzeko.
Inolako zalantzarik gabe, Digiulian emakumezkoen mailan gaur egun espezialista indartsuenetarikoa dugu.
Durif frantziarra ere oso indartsu dabil. Batez ere bistaz eginiko bideei esker sona handia hartu zuen. Baina, zoritxarrez, 21 urteko frantziarra azken bi urteotan polemikak bete-betean harrapatu du. Zergatik ote da? Bada, bere azken kateatze sonatuenak lekukorik gabe egin dituelako.
Bere azken jarduera bide horretatik omen doa. Izan ere, Durifek baieztatu du abuztuaren 18an «Les 3p» bidea (Verdon, Frantzia) kateatu duela. Marra horrek 9a zailtasuna du, baina eskalatzaileen talde batek eta hedabide frantziar batzuek kolokan jarri dute hori.
Frantziarrak dio hiru urte eta hamaika saio behar izan dituela bide hori egiteko. Gogoratu behar dugu Durifek iaz eman zuen berriak ere duda asko eragin zituela. Berria honakoa zen: emakumezko batek egindako munduko lehen 8c bistaz. Marra: «Le roi du petrole» (Saint Loup, Frantzia).
8c bistaz iaz eta aurtengo udan 9a landuta. Ez da txantxetakoa; baina, diogunez, biak ala biak dudan jarri dituzte.