GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Itsasoa

Long Beach, New Yorken ere badira olatuak

WCT zirkuituko seigarren proba New Yorken egin zen, Long Beach-eko hondartzan, eta Owen Wrightek milioi bat dolar irabazi zituen. Orain lau urtez geroztik antolatzen du Seaskak ahalmen urriko ikasleentzako surf ikastaroa Hendaian.

p046_f01.jpg

p046_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Munduko WCT zirkuitua, momentu interesgarrian aurkitzen da. Iraila eta urria bitartean lau txapelketa egin behar dituzte lehiakideek (New York, Trestles, Hossegor eta Portugal); beraz, oso denbora gutxian gauza asko alda daitezke mundu mailako surflari onenak biltzen dituen zirkuituan.

Irailaren 9an amaitu zen New Yorken lehenengoz egin den maila goreneko surf txapelketa. Irailaren 4a eta 15a bitarteko epea zuten antolatzaileek txapelketa egiteko. Berriki iragandako «Irene» urakanaren aztarnak oraindik bizirik zeuden, eta ondorioz, Long Beach olatuak maiz izaten ez diren kostaldea izan arren, txapelketa egiteko leku aproposa bilakatu zen.

Long Beach

Ba al da olaturik New Yorken? Sarri entzuten den galdera da. Azken txapelketan ikusi ahal izan den moduan olatuak badira, eta batzuetan kalitate onekoak gainera, baina baldintzak apur bat bereziak dira.

Lehenik eta behin, New York AEBetako ekialdean dagoela kontuan hartuta, badakigu mendebaldean bezalako itsaskirik ez dela izaten. Edozein kontinente hartuz gero, itsaski handiak soilik mendebaldean izaten direla ikusiko dugu. Lurraren errotazio mugimenduaren ondorioetako bat da. Munduak eskuinerantz ematen du bira, eta behe presioko guneek ere lurraren bi muturretatik (goitik behera, eta behetik gora) lurraren erdialdera jotzen dute, beti ezkerretik eskuinerantz, lurraren errotazio mugimenduak duen noranzko berdinean. Horregatik, Amerikako edozein herrialde hartuz gero, zera ikusiko dugu, Karibe itsasoan ez dela olatu handirik, eta Itsaso Barean, berriz, sekulako itsaskiak izaten direla. Mexikon oso garbi ikusten da. Mendebaldean sekulako olatuak daude, Puerto Escondido da famatuenetako bat. Beste aldean, ordea, Karibe itsasoan, Cancun inguruan, ez da olaturik.

Beraz, New Yorken ez luke olaturik egon behar. Baina bada olatuak sortzen dituen beste faktore bat, munduaren errotazio norabidearen aurka ere egin dezakeena: haizea. Haizeak sortzen ditu olatuak, haize asko den lekuetan, uhin batek olatu bilakatzeko adinako distantzia egin badezake, olatuak sor daitezke.

Beraz, New Yorkeko txapelketan olatuak izateko ezinbesteko faktoreak ez du huts egin, eta sasoi honetan izan ohi diren urakan horietako bati esker («Irene») olatuak izan dira txapelketan.

Hala ere, olatuak dauden egunetan ere leku oso berezia da Long Beach; izan ere, oso denbora gutxian sekulako aldaketak gerta daitezke. Eguraldia edo uraren tenperatura esaterako, bortizki alda daiteke oso tarte laburrean eta haizeteak ere momentu batetik bestera sor daitezke. Honi zera gehitu behar zaio, hondoak hareazkoak izaki, etengabe aldatzen direla. Beraz, txapelketaren antolatzaileek zorte handia izan dutela esan daiteke.

1.000.000 dolar

WCTko txapelketetan ohiko saria 425.000 dolarrekoa izaten da, baina New Yorken zerbait handia egin nahi izan dute, eta irabazlearentzako milioi bat dolarreko saria eman dute.

Owen Wright australiarrak eraman zuen itzelezko diru poltsa etxera. 9,23 eta 8,67 puntuko olatuekin, Kelly Slater gainditu zuen.

Finalean ezker olatu luze eta eder bat atera zen, eta bi lehiakideak gogor aritu ziren ahalik eta ariketa desberdin gehien egiten, baina australiarrak olatutik airean atera eta ariketa ikusgarriagoak egiteko gaitasuna erakutsi zuen eta epaileek behar bezalako puntuazioa emanez saritu zuten surflaria.

Harrigarria da Wright bezalako surflari bat halako ariketak egiten ikustea; izan ere, surflari ona izateko, altuera txikikoa izatea hobea dela esan ohi da, eta Wright-ek ia bi metroko altuera du.

New Yorkekoa hamaika probetako seigarrena izan zen. Orain zazpigarrena egiten ari dira Kalifornian, Trestleseko olatuan. Momentuz, Kelly Slater da rankingeko burua, eta atzetik Owen Wrightek jarraitzen dio; baina esan bezala, datozen asteetan txapelketa anitz izango da eta emaitzak guztiz alda daitezke.

New York

Ba al da olaturik New Yorken? Sarri entzuten da galdera hori. WCTko azken txapelketan ikusi den moduan, olatuak badira eta batzuetan kalitate onekoak ere izan ahal dira.

milioi bat dolar

WCTko txapelketetan ohiko saria 425.000 dolarrekoa izaten da, baina New Yorken zerbait handia egin nahi izan dute, eta Owen Wright irabazleak milioi bat dolarreko saria jaso du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo