GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Bigarren mailan

Ukaezina da kirolak sortzen duen lilura. Nazkatu arte iragartzen dira txapelketak eta gertakizunak; etengabe ematen dituzte telebistan, futbolaz gain, beste hainbeste. Kirolek, gehiago edo gutxiago, jarraitzaile andana dute, kolore bat edo beste maite duen lagun mordoa. Hain zuzen, jendartearen arreta modu miresgarrian erakartzen dutelako, bihurtu dira egundoko negozio.

Dena etorri ohi da eskutik; zenbat eta arreta handiagoa, orduan eta baliabide gehiago; zenbat eta baliabide ugariago, gero eta profesionaltasun-maila zorrotzagoa; hortik aurrera hainbat arazo: aparteko ikuskizunari eutsi beharra, bete ezinezko exijentziak, dopina, fitxaketa eroak, kolore guztietako istiluak...

Horrek guztiak sekulako segida du gure egunerokoan, atal zehatza, esaterako, hedabideetan. Kirolen gorabeherak une eta garai baten isla izan ohi dira; taldeak eta osatzen dituzten kideak kudeatzeko moduek, jarraitzaileen jarrerek, idolo bilakaturikoek eta abarrek zer jendarte motatan bizi garen erakuts diezagukete, zer dagoen onartuta bertan eta zer ez, zeri ematen zaion garrantzia eta zeri egiten zaion muzin.

Azken horren baitan, zalantzarik gabe, emakumezkoen kirola dago. Edozein kiroletan, edozein herrialdetan, edozein mailatan, kirolen mundua gizonena da. Gizonek eta gizonentzat egina. Kirolean pentsatu eta gizonak datozkigu burura, profesional zein amateur mailan, txiki zein helduei begira, telebistan zein kalean. Izan ere, kirolari hertsiki lotutako kontzeptuak, hau da, ahalegin fisikoa, lehiatzeko grina, sakrifizioa, indarra, erresistentzia eta, oro har, sufrimendurako gaitasuna, gizonezkoei esleitu izan zaizkie beti, barrutik nahiz kanpotik gogorrak izan beharreko filosofiaren baitan.

Azken urteotan, hala ere, emakumezkoen kirolari bultzada ematen ari zaiola ezin da ukatu. Sustatu egiten da, txapelketak antolatzen dira, zenbait hedabidek ere isla ematen diote, txikia, baina badute lekurik. Hain zuzen horrexegatik, lekutxoa eduki badugulako, irudi dakiguke berdintasuna esparru guztietara iristen ari dela, baita kirolera ere, edozein kiroletara, biziki gogorra izan arren. Jar dezagun adibide arrauna, gogorretan gogorrena. Jar dezagun adibide, berdintasuna kirolean oso urrun dagoela adierazteko, berriki lehiaturiko Kontxako Bandera. Lehenik, gizonezkoen txandan, Urdaibai ikusi genuen bandera astintzen, gero, emakumeenean, Galiziako Rianxeira. Horraino ederto, baina zer sari jaso du batak eta zer sari besteak? Zehazki ez dakit, baina jakin badakit gizonezkoen atalak guztira 81.000 euro izan dituela saritan banatuta; neskenak, ordea, 20.900 euro. Jakina den bezala, sarietatik at, aldeak handiak dira oraindik baliabideei, aukerei, zorroztasunari eta bata eta besteari ematen zaion oihartzunari dagokienez.

Gureak bigarren mailan dirau. Eta berdintasuna benetakoa eta osoa izan dadin, alde horiek desagerrarazi eta emakumeoi mesedea egiten ariko balitzaizkigu bezala jokatzeari utzi beharko diote kirolaren munduan dihardutenek, baita arestiko filosofia faltsuaren bultzatzaileek ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo