Martxel Toledo eta Pepe Turrillas | ESAITeko kideak
Espainiako Itzulia: arrotza, inposatua eta zirikatzailea
Euskal Herria Espainiaren zati bat irudikatzeko estrategian oinarrituta, arrotza, inposatzailea eta zirikatzailea den heinean, Espainiako Vuelta ez da ongi etorria izan Herrietan, auzoetan, elkarteetan, bide bazterretan aldarrikapenean babesa eta laguntza eman diguzuen guztioi, bihotz- bihotzetik, mila esker
Gauza jakina da munduko gobernu gehienek, guztiek ez esateagatik, komeni zaie- nean, kirola eta kirolarien erabilpena egiten dutela. Baina hori ez da berria, betidanik horrela egin dute eta egiten jarraituko dute, badakitelako kirolak eta kirolariek, batik bat emaitza onak lortzen direnean, erreklamo gisa erabiltzeko izugarrizko indarra dutela. Urrutira joan gabe, ikusi besterik ez dago, Espainiako Gobernuaren kasuan, Hegoafrikan Munduko Futbol Txapelketa «la rojak» irabazi zuenean, hedabide guztien laguntzarekin Estatu osoan sortutako tsunamia.
Euskadiko Alderdi Sozialistak (PSE) eta Alderdi Popularrak (PP), Gasteizko Gobernua kudeatzen hasi zirenetik, argi utzi zuten normalizazio politikoa lortzeko bidean, zein izango zen beren estrategia politikoa. Eta horretan, kirolak eta kirolariak puzzlearen pieza garrantzitsuak dira.
Hamazazpi urte euskal errepideetatik pasatu gabe egon ondoren, azkeneko aldiz, Nafarroara ekarri zuten; aurten berriro, PSE eta PPri «esker», Espainiako Itzulia gurean izan dugu. Gehienok jakingo duzuen bezala, gertakizun honen aurrean, hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera, ESAITek «Txirrindularitzari Bai, Inposaketari Ez, Euskal Herria Nazioa» lelopean ekimen ezberdinak antolatu ditu. Hiru arlotan izan dira ekimen hauek. Instituzio arloan, Itzulia pasatu den herrietan mozio politikoak sartu dira. Kirol arloan, Gasteiz-Bilbo «euskal pedalkadak» bizikleta martxa antolatu dugu, eta herri mailan, Muñecas gainean, Bilbon eta Gasteizen elkarretaratzeak izan dira. Esango dugu ekimenen berri jakinarazteko 8.000 kartel erabili ditugula eta aldarrikapena egiteko, berriz, 12.000 ale banatu direla.
Hasieratik argi izan dugu PSE eta PPk espainiar bizikleta itzulia Euskal Herrira ekartzeko arrazoia kirol ikuspegitik haratago doan erabaki politikoa izanik, Euskal Herria Espainiaren zati bat irudikatzeko estrategian oinarritu dela. Beraz, osagai horietan oinarritzen den ekimena izanik, guretzat Espainiako Vuelta, arrotza, inposatua eta zirikatzailea den heinean, ez da ongi etorria izan.
Arrotza. Bere izenak ongi azaltzen duen modura, ez da gure Vuelta, ez da herri honek behar eta nahi duen itzulia. Guztiok dakigun egoeragatik hainbeste urte sartu gabe egon ondoren, haren itzulera ez da izan herri honek etortzea eskatu duelako, alderdi politiko batzuek, beren estrategia politikoan baitan, gurera ekartzea erabaki dutelako baizik. Euskal Herriak goi mailako txirrindularitza ikusteko ez du inposatutako probaren beharrik, herri honek baditu bere proba garrantzitsuak eta gehiago izango zituen Espainiako Itzulira bideratutako dirutza, milaka eta milaka euro, Jaurlaritzak zein Bilbo eta Gasteizko udaletako agintari politikoek euskal herriko txirrindularitzan sinetsi eta bertako antolaketan inbertitu balute. Baina, jakina, badakigu zertan ari diren eta zergatik egiten duten.
Inposatua. PSE eta PPk Espainiako itzulia Euskal Herrira ekartzeko erabakia, soilik, beraien estrategi politikoan oinarritzen da, ez dutelako horretarako inorekin kontatu, ez Euskal Txirrindularitza Federazioarekin, ez zaleekin, ezta txirrindularitza arloan egun lan egiten duen hainbat eta hainbat elkarte, antolatzaile eta abarrekin ere. Soilik, etapa amaiera edota hasiera egiteko behar izan dituzten udalen oniritzia lortzen aritu dira; alegia, aurrekontua onartzeko prest zeuden udalen bila ibili dira, diru laguntzarik gabe, ez zegoelako Espainiako itzulirik Euskal Herrira ekartzerik. Hortik bideratu dituzte bere bidelagunak. Eta horretan, Gasteizko Jaurlaritzaren zein Bilbo eta Gasteizko udalen laguntza izan dute, hauek euskal herritarren poltsikotik uxatutako milaka euroren diru laguntza eman diotelako. Horregatik diogu inposatua izan dela.
Zirikatzailea. Hainbeste urte Espainiako Vuelta Euskal Herrira etorri gabe egon bada, herri honetan pairatzen zen egoera politikoaren ondorioz izan da. Jakina da herri honek oraindik bere eskubideen jabe izan gabe jarraitzen duela. Besteak beste, eta kirol arloari dagokionez, eskubide urraketa hori azken muturreraino ematen da eta euskal selekzioak ez dira ofizialki onartuak Espainiaren eta Frantziaren betoagatik. Eta ondorioz, euskal kirolariek kasu askotan beren sentitzen ez duten selekzioan aritu beharrean aurkitzen dira. Eta beste hainbat arlotan ere euskaldunok pairatzen dugun egoera lotsagarria eta penagarria izaten jarraitzen du. Beraz, oraindik herri honek pairatzen duen egoerak politiko, sozial eta kulturala ez da aldatu, herri bezala Espainiaren eta Frantziaren menpe jarraitzen dugulako, bai kirolean bai arlo guztietan. Baina, hala ere, PSEk eta PPk, normalizazio faltsu baten aitzakiapean, Espainiako Vuelta berriro Euskal Herrira ekartzea erabaki dute. Eta hori, gure uste apalean, zirikatzaile izatea ere bada.
Espainiako itzulia PSEren eta PPren eskutik Euskal Herrira gerturatuko zela jakin genuenean, segituan jarri ginen harremanetan herri honetako eragile politiko, sindikal eta sozialekin. Eta guztion artean erabaki genuen aipatutako alderdi politikoen inposaketari aldarrikapenen bidetik erantzun behar geniola. Eta horrela egin dugu, batzuk horretarako bortizkeria erabiliko genuen beldur azaldu baziren ere. Baina gure hitza bete dugu eta harro gaude, bidean hainbat traba eta oztopo mediatiko eta politiko jaso ditugun arren, gure uste apalean, «Txirrindularitzari Bai, Inposaketari Ez, Euskal Herria, Nazioa» leloa erabiliaz, aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko gaitasuna eta nortasuna izan dugulako. Horregatik, egun hauetan herrietan, auzoetan, elkarteetan eta errepide bazterretan aldarrikapenean babesa eta laguntza eman diguzuen guztioi, bihotz- bihotzetik, mila esker.