aizkora Euskal Herriko Lehen Maila
Floren Nazabal txapelaren lehian aritzeko prest dago
Etxarriko aizkolaria izan zen atzo Arbizun jokatu zen kanporaketako onena. Berarekin batera, Lopezek, Azurmendik, Olasagastik, Atutxak eta Txapartegik ere lortu zuten final handian aritzeko txartela.
Jon LEUNDA
Floren Nazabalek iaz galdutako txapela berreskuratzeko prest dagoela erakutsi zuen atzo Arbizun jokatu zen kanporaketan. Etxarrikoa izan zen norgehiagokako onena, eta berarekin batera, Lopez, Olasagasti, Atutxa, Azurmendi eta Txapartegi ere arituko dira egun handian.
Iazko finalarekin alderatuta, bi aldaketa izango dira. Otaegi eta Mujika kanpoan geratu dira, eta horien ordez Atutxa eta Txapartegi sailkatu dira. Azken honek lehen ere final asko ditu jokatuak, baina Atutxarentzat lehenengoa izango da, eta bera izango da, gainera, 23 urterekin, finala jokatuko duen aurtengo aizkolaririk gazteena.
Azken bi sailkatuek, berriz, maila galtzen zuten, eta Lasa eta Ohian Larretxea geratu ziren azkeneko bi postu horietan, beraz, datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko dute. Iaz hauek izan ziren maila horretako bi onenak, eta aurten biek galdu dute iaz eskuratu zutena.
Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen, finalean izango duten lanaren erdia. Jendeak ere nahiko erantzun ona eman zuen, sarrera polita izan baitzuten Arbizuko kiroldegiko harmailek, nahiz eta finalak askoz ere ikusmin handiagoa piztuko duen.
Atzoko saioan emoziorik handiena seigarren posturako lehiak sortu zuen, Txapartegiren eta Otaegiren artekoak. Alderik ez zen egon bien artean, eta ehuneneko gutxi batzuk egin zuten Aizarnako aizkolariaren alde; ondorioz azkeneko finaletatik at egon ostean, aurten berriro ere han izango da. Urte ona izango da hau, dudarik gabe, beretzat. Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela irabazi zuen uztailean, eta orain Euskal Herriko Lehen Mailako finala jokatzeko moduan izango da. Otaegik, berriz, ez zuen lan txarra egin, baina egindako oker txikiren batek edo bestek, finaletik kanpo utzi zuten.
Espero zena
Finalera sailkatutakoen artean, ez zen ezuste handirik izan. Denek finalista garbitzat jotzen zituzten Nazabal, Olasagasti, Azurmendi eta Lopez, eta inork hutsik egin ez zuenez, denak izango dira txapelaren lehian. Irabazteko faboritoen artean ere lau horiek egongo dira.
Beste bi postuetarako, zaleek Atutxa, Otaegi, Txapartegi eta Atutxa jotzen zituzten faboritotzat, eta horietatik atera ziren, azkenean, finalera sailkatu ziren aizkolariak.
Hori, gainera, berri pozgarria izan da Bizkaiarentzat. Aspaldiko urteetan nafarrei eta gipuzkoarrei begira egon behar izan dute, baina aurten Atutxa gaztea han izango da lehen aldiz. Gainera, zerbait gertatu ezean, beste batzuk ere jokatzeko moduan izango da seguruenik.
Atzera begiratuta, berriz, mailako gazteenak azkena egin zuen. Ohian Larretxeak enborrekin ere ez zuen zorte handirik izan, eta amaieran azkeneko postuan amaitu zuen. 20 urterekin izango du berriro ere atzo galdu zuen maila berreskuratu eta aritzeko aukera, eta honi ere gauzak asko okertzen ez bazaizkio, laster izango da maila honetako finaletan ere. Jexuxmari Lasak ere ezin izan zion iaz lortutakoari eutsi. Erronka horrekin joan zen, baina azkenean ezin izan zuen helburua bete, eta datorren urtean ahalegindu beharko du berriro ere onenen mailara heltzen.
Atzo finalerako txartela eskuratu zuten aizkolariek itxaron egin beharko dute orain; izan ere, azken norgehiagoka Elizondon jokatuko baita azaroaren 6an, 12.30etik aurrera, eta han erabakiko da txapela.
Atzoko sailkapeneko azkeneko biek maila galtzen zuten, eta Ohian Larretxeak eta Jexuxmari Lasak datorren urtean berriro ere Bigarren Mailan aritu beharko dute, aurten galdutakoa berreskuratzeko helburuarekin.
Aitzol Atutxak aurrenekoz lortu zuen atzo finala jokatzeko txartela. 23 urteko bizkaitarrak bigarren urtea du maila nagusian, eta iaz finaletik at geratu ostean, aurten ez du hutsik egin.