GARA > Idatzia > Kultura

Sarah Polley: «Bizitzako hutsuneak betetzeko joera dugu eta ez dago zertan»

Kameraren atzean egin duen bigarren lana aurkeztera etorri da Sarah Polley Donostiara. Bikote harremanak ditu ardatz Leonard Coheni izenburua lapurtu dion «Take This Waltz» filmak. Bidegurutze batean dago Margot. Alde batean, orain arte senarra izan duena. Bestean, bidaia batean ezagutu berri duen mutila. Zer egin? «Bizitzako hutsuneak zerbaitekin betetzeko joera dugu eta ez dago zertan», argitu zuen aktore eta zuzendari kanadarrak.

p052_f01.jpg

Xole ARAMENDI | DONOSTIA

Margotek (Michelle Williams) ez ditu aireportuak gustuko, hegazkin bat eta bestearen arteko lotura galduko duenaren beldur. «Ez dut atsegin bi gauzaren artean egotea», azalduko dio ezagutu berri duen bizilagunari hegaldi batean doazen bitartean. Aste batzuk geroago bidegurutzean ikusiko du bere burua. Eguneroko errutinak irentsi egin duen bikotearen eta etorkizuna eskaintzen dion bizilagun horren artean. Adiskidetasuna eta pasioa ditu aurrez aurre beldurtzeari beldur dio protagonistak.

«Take This Waltz» abestia behin eta berriz entzun zuen Polleyk (Toronto, 1979) gidoia idazten ari zenean. Bi gauzaren artean dagoenean norbera nola sentitzen den agertu nahi izan du Cohenen izenburua duen pelikulan. «Bizitzak berekin dakar hutsunearen sentipena, giza kondizioari lotutakoa. Zerbait faltan dugula dirudi eta ez dakigu zer egin bizitza hobetzeko -adierazi zuen kazetarien aurreko agerraldian-. Bizitzako hutsuneak betetzeko joera daukagu, barne sentimenduan sakondu ordez. Maitasunera jotzen dugu konponbidea emateko eta hura amaitzen denean harremanari egozten diogu errua, atsekabe sentitzearen arrazoia hura zelakoan, eta ez gu geu». Ez da lan autobiografikoa. «Zergatik ez dakigula negar egiteaz ari naiz. Denari arrazoia aurkitu nahi diogu eta askotan ez dauka zergatirik», esan zuen.

Aktore bezala, Isabel Coixetekin lan egina da Polley -«Mi vida sin mi» eta «La vida secreta de las palabras»- eta zuzendari kataluniarra gogoan izan du bere bigarren lan honetan. «Berari esker sinetsi nuen zuzendaria izateko gai nintzela. Azken filmazioan gogoan izan dut bera. Unean unekoari oso adi egoten da bera eta ni ere ikasten ari naiz; lehen zurrunagoa nintzen filmazioetan», kontatu zuen.

Margoten rola jokatuko zuen aktorearen bila ari zela, Michelle Williams ezagutzea nahikoa izan zuen protagonistaren papera harena izango zela jakiteko. «Ezin zuen beste inork izan», argitu zuen. Mezu jakin bat luzatu baino, pelikula irekiak nahiago ditu. «Nork bere harremanak nire filmean proiekta ditzan nahi dut. Pertsona bakoitzak desberdin ikusiko du, bere esperientzia propioaren arabera», nabarmendu zuen.

Bikote harremanez hau esan zuen: «Oso gutxitan ikusi ditut familia giroa eta pasioa uztartzea lortzen duten harremanak. Ezagutzen ditut hamarkada luzez elkarrekin dauden bikoteak, baina etengabe ari dira afektuak gaurkotzen», azaldu zuen.

Emakumeak, adinekoak zein gazteak, biluzik agertzen dira filmean. «AEBetan eskandalua sortu du. Nik egunerokotasunaren zati gisa erakutsi nahi nuen, ez gauza sexi edo polit gisa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo