Mantxi eta Xamoa zuzenean sailkatu dira Gpuntuaren final-laurdenetara
Andoainen eta Azkoitian jokatu dira asteburuan Gpuntuaren lehenengo final-zortzirenak. Iñigo Manzisidor «Mantxi» eta Arkaitz Oiartzabal «Xamoa» zuzenean sailkatu dira final-laurdenetara.
GARA | DONOSTIA
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren faseari ekin diote asteburuan, final-zortzirenetako bi saiorekin. Seina bertsolari aritu ziren Andoainen eta Azkoitian, eta Iñigo Manzisidor Mantxi eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa izan ziren, hurrenez hurren, lehen postua eskuratu zutenak. Bi bertsolari hauek zuzenean sailkatu dira, beraz, final-laurdenetarako eta gainerakoak puntuen arabera egingo dute.
Mantxik 500 puntu bildu zituen larunbateab Andoaingo Basteron izandako saioan. 250 lagun inguru batu ziren bertan. Gero sailkatu ziren Iñigo Izagirre (494), Amaia Agirre (482,5), Ander Lizarralde (471), Ane Labaka (463,5) eta Manu Goiogana (418). Lehen agurra Mantxik doinu berri bat estreinatzeko baliatu zuen, kartzelako lanerako entzuleen belarriak prestatze aldera. Kartzelako lanean, hain zuzen, honakoa izan zuten gaia: «Azkenean jarri egin duzu iragarkia egunkarian zeure telefono eta guzti. Oraintxe hasi da telefonoa joka».
Azkoitian, berriz, bete egin zen atzo Baztartxo antzokia, 450 bertsozaletik gora bilduta. Bertan Arkaitz Oiartzabal Xamoa nagusitu zen 460,5 puntu bilduta. Atzetik sailkatu ziren Xabier Sukia (450,5), Ibai Esoain (447), Gorka Azkarate (442), Gorka Maiz (435) eta Asier Azpiroz (408).
Datorren asteburuan final-zortzirenetako beste bi saio izango ditu Gpuntuak. Eibarko Koliseo antzokian arituko dira larunbatean Agin Rezola, Felix Zubia, Iker Osa, Iñaki Gurrutxaga, Jokin Labayen eta Nerea Elustondo.
Igandean, berriz, Lazkaoko Areria kulturgunean izango dira Beñat Iguaran, Beñat Lizaso, Adur Gorostidi, Iban Urdangarin, Nahikari Gabilondo eta Unai Muñoa.
Saio horietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eu atarian izango dira salgai. Bonoa ere eskuragai dago jadanik eta %50eko deskontua eskaintzen du saio guztietarako.
Mantxik 500 puntu eskuratu zituen Andoaingo saioan eta Xamoak, berriz, 460,5 Azkoitian. Andoaingo lehen bost sailkatuak Azkoitikoen aurretik gelditu dira puntuetan.