Ana Etxarte eta Oskar Matute Alternatibako bozeramaile nazionalak
Pribatizazioari ez: borrokak aurrera darrai
EAEko kutxen fusio prozesuak eztabaida sakona eragin du Alternatibaren baitan. Hala, alde batetik, ezinezkoa izan da bizi gaituen erasoaldi kapitalistaren testuingurua eztabaidatik kanpo uztea, kutxen egitura ilun eta antidemokratikoan zein Espainiako Erresumako finantza sisteman islatzen dena, sistema bere horretan babesten dutenen eta Euskal Herri burujabe baten alde gaudenon arteko indarren oreka gabezia gero eta handiagoa dela. Beste alde batetik, kontuan izan dugu prozesu iluna dela hau, aurretik martxan zegoena eta oso aurreratuta heltzen zitzaiguna -ordurako bermatuta zegoen Vital eta BBKren arteko bat egitea- eta Gipuzkoako lurraldean ordezkaritza guztiz desitxuratuta zegoela.
Testuinguru honen aurrean, indar korrelazio honen aurrean, Gizarte Ekintzaren desegitea eta euskal finantza sistemaren berehalako pribatizazioa geldiarazteko zituen aukerak ongi kudeatu behar zituen Bilduk, hala uste izan du Alternatibak. Kutxetan kapital pribatua sartzea eta jabetza publikoa saltzea oztopatzen duten neurriak txertatu izan direlako Alternatibak akordioa babestu du. Muga hauek ez dira aurrezki kutxen bankarizazio olatu honetan emandako antzeko prozesu bakar batean ere lortu.
Borrokak, alabaina, aurrera darrai. Akordioak, esan dugunez, pribatizazioa oztopatzen duten lubakiak zehaztu ditu, baina bide luzea dugu aurretik. Etorkizunean ezker subiranista eta alternatiboak indarren korrelazioa eraldatuko duen itxaropena dugu, pribatizazioaren bidea erabat mugatuko duena, eta finantza publikoak beste eredu baterantz birdefinituko dituena, demokrazia eta gardentasunerantz, helburu sozial jakinekin: irizpide ekologikoak, aldaketa klimatikoaren aurkako borroka, kalitatezko enplegua sortzea, zaintzaren ekonomia, elikadura subiranotasuna, etab.
Berresten dugu, beraz, kapital pribatuaren sarrera onartzeko hiru kutxetako asanbladen erabakiak beharrezkoak izateak -ez bada Espainiako Bankuak edo dagokion erakundeak bestelako bideak ezartzen dituela -edo aktiboak hirugarren erakundeei ez transmititzeko konpromisoak bestelako joko zelai bat ezartzen dutela, non irmotasun osoz jokatu beharko dugun gure irizpideetan aurrera egiteko, banka publiko eta sozialaren alde eta Euskal Herriko Lan Harremanen Esparruaren defentsan. Borrokak aurrera darrai.