Bestelako gizarte eredu bat eraikitzeko jaio da Auzolan egitasmoa
Auzolan egitasmoa bestelako gizarte eredu bat sortzeko helburuarekin jaio da. Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte eta hortik sortu da aurreneko Auzolan topaketa. Irailaren 30etik urriaren 2ra egingo da Usurbilen. Bertan hainbat biltzar eta tailer izango dira gai ezberdinak jorratzeko, eta horretarako adituak egongo dira bertan. Herritarrak izango dira protagonista nagusiak, nahi duenak izango baitu bere gogoetak plazaratzeko aukera.
Ana ABARIZKETA | DONOSTIA
Ez dira garai errazak. Kapitalismoaren atzaparrek eragin zuzena dute pertsonen bizitzan eta badira aski dela esan eta bestelako gizarte eredu baten alde lanean hasi direnak. Bide horretatik tiraka sortu da Auzolan egitasmoa. Hiruzpalau lagun elkartu eta «egungo gizarte ereduak euren beharrizanak asetzen ez zituela ikusi eta jendartearen bizi baldintzak gero eta kaskarragoak zirela ikusi zuten», azaldu zuen Jasone Mitxeltorena egitasmoko kideetako batek.
Mitxeltorenak proiektu honen berri eman eta orain arte egindako bidearen berri eman dio GARAri. Hasierako hiruzpalau lagunei jendea batzen joan zaie pixkanaka-pixkanaka. Orain arte egin dituzten bileretan -bi hilabetean behin gutxi gorabehera-, arlo desberdinetako jendea gerturatu zaie; horien artean, unibertsitateko irakasleak, herri garapenaren inguruan lanean dihardutenak eta historialariak izan dira. Mintzaldietan historikoki euskal gizarteak bere izan dituen auzolana edo batzarrak izan dituzte hizpide, besteak beste; hain justu, Auzolan egitasmoak Euskal Herriko sustrai historiko horiek aztertu eta berreskuratzea nahi baitute, era horretan bestelako gizarte eredu bat sortzeko. Bestalde, kontsumo bide zuzena bultzatzen duten erosle eta bezeroen arteko harremanak bultzatu nahi dituzte.
Larunbatean, prentsa agerraldia egin zuten egitasmoko kideek Usurbilen, irailaren 30etik urriaren 2ra egingo den Auzolan I. Topaketaren berri emateko. Hainbat biltzar eta tailer antolatu dituzte hilaren amaierarako. Biltzarretan, besteak beste, krisi globalaz mintzatuko da Joseba Azkarraga Lankiko kidea; herri garapenari dagokionez, Antxon Mendizabal egitasmoko kidea eta EHUko irakaslea arituko da hizketan; eta ekonomia alternatiboa eta tokiko txanponaren inguruan arituko dira.
Tailerretan, berriz, lurraldea, elikagai-subiranotasuna, kultura, energia, hezkuntza, etxebizitza, osasuna, euskalgintza eta hondakinen gaia jorratuko dituzte. Nahi duenak har dezake horietan parte. Gainera, Mitxeltorenak azaldu duenez, hizkuntzari dagokionez ez da oztoporik izango; izan ere, pantaila batean gaztelaniako aldi bereko itzulpena irakurtzeko aukera izango da.
Azken egunean, urriaren 2an, «Auzolanaren kultura» liburua aurkeztuko dute, eta horrez gain, biltzar eta tailerren gaineko gogoeta egingo dute.
Elkarte gisa ere bai
Orain arte egindako bilkuretan, gainera, Auzolan egitasmoa elkarte izatera pasatzea erabaki dute. «Batez ere orain arte landutako ideiak eta gogoetak zabaltzea lortu nahi dugu. Gure proposamena tokian tokiko eragileek gure ideiekin bat egin eta beraien herrietan dinamika zehatzak abian jartzea da», argitu du Mitxeltorenak.
Beraz, Auzolan ez da Usurbilgo topaketaren ostean amaituko, kideen nahia aurrera egin eta egitasmoa Euskal Herri osora zabaltzea baita.
Irailaren 30etik urriaren 2ra Usurbilen egingo den Auzolan Topaketaren inguruko informazioa «www.auzolan.info» webgunean dago.
Auzolan egitasmoko kideek usurbildarrek izandako jarrera eskertu nahi izan dute. Bestalde, Topaketak irauten duen bitarterako herriko kiroldegia prestatu dute kanpotik etortzen direnentzat.