GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostiako udal gobernuak kreditua blokeatuko du diru sarrerarik ez den artean

p016_f01.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak aurreko astean adierazi zuen Udalaren egoera ekonomikoa ez dela ona. Atzo, Josu Ruiz bozeramaileak eta Jabi Vitoria Ogasun ordezkariak berretsi egin zuten mezu hori eta, horren aurrean, errealitateari egokitutako erabakiak hartzea ezinbestekoa dela adierazi zuten. «Aurreko udal gobernuak egindako kudeaketa kaskarraren ondorioak konpontzea da orain gure lehentasuna», esan zuen Ruizek.

Hartutako lehenengo erabakia kreditua blokeatzea izan da, eta, hortaz, «Udalaren diru-kutxetan sarrerarik ez den bitartean», ez da inbertsioetan xahutuko: «Erantzukizunez hartzen dugu neurri hori. Administrazio publiko guztiak murrizketak egiten ari dira. Hori da egoera ekonomikoa», gaineratu zuen Vitoriak.

Bilduk zuzendutako Udalak lehentasun batzuk dituela esan zuten. Lehendabizikoa «politikoki, eta kosta ahala kosta», gastu arruntaren oreka bermatzea izango da. Hori lortu ahal izateko, «zor gehiago izatera eramango gaituzten ekintza espekulatiboetan ez sartzea» ezinbestekoa izango da; izan ere, adierazi zutenez, «zor hori gastu sozialaren kontra konpondu behar izaten baita».

Vitoriak azaldu zuenez, Udaleko ekonomialari eta kontu-hartzaileek aholkatuta hartu dute azken erabaki hau, «horrelako egoera ekonomikoetan zorpetzea ideia txarra izaten delako, zorpetzea luzatzeak astiro itotzen zaituelako».

Bigarrenik, beste lehentasun bat pertsonengan inbertitzea da, «adreiluaren eta azpiegitura arranditsuen gainetik, kontuan hartuta azpiegitura horien errentagarritasun soziala, kasu batzuetan, zalantzazkoa izan daitekeela».

Gastu arrunta nola gutxitu eta zein kapital gastu blokeatu daitezkeen erabakitzeko Udaleko zuzendari guztiekin biltzen hasi da Izagirreren udal gobernua.

11 milioi euro itzuli beharra

Ogasun ordezkariak jakinarazi zuenez, Gipuzkoako Aldundiaren diru sarrera bilketa %10,8 inguru txikituko da aurten, eta, ondorioak kuantifikatzea zaila den arren, Vitoriak baieztatu zuen aurreikuspena beteko balitz, Donostiako Udalak 11 milioi euro inguru itzuli beharko lizkiokeela Aldundiari 2012an.

Egoera honek, ezinbestean, «gastu arrunta beherantz berrikustera behartzen gaitu. Aurrekontu arruntaren oreka mantentzeko bi aukera bakarrik daude», azaldu zuen. Bata, gastu arrunta jaistea edo tasak igotzea. «Edo biak», gaineratu zuen.

Gogorarazi zuen bezala, Aldundiak diru kopuru bat ematen dio Udalari, bilduko duen diruaren inguruko aurreikuspenean oinarrituta. Agintaldia amaitutakoan zenbat bildu den jakindakoan jakiten du Udalak Aldundiarekin zorretan den ala ez.

2009an gauza bera gertatu zela oroitarazi zuen eta, beraz, aurreko Aldundiaren jarduna kritikatu zuen «ez baitu zuhurtziaz jokatu aurreikuspenetan (...), errealitatearekin bat ez datozen gastu itxaropen batzuk eman dizkielako Udalaren diru-kutxei».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo