Basusarrin laborantza lurrak eraikigarrien prezioan saldu direla salatu du ELBk
Basusarrin hiru hektarea eta erdiko lur eremua ia bost milioi eurotan saldua izan da. Prezio hori laborantza lurretarako erreferentziala bilakatzeko arriskua dagoela salatu du ELBk. Salmenta horri urriaren 4a baino lehen betoa ezartzeko eskatu dio Safer erakunde publikoari.
Idoia ERASO | BASUSARRI
Lapurdi erdialdeko Basusarri herrian hiru hektarea eta erdiko lur saila 4.850.000 eurotan saldua izan da. Gaur egun lur eremu hori nekazaritzarako erabiltzen da; artoa dute landatua hain zuzen. Haatik, Herriko Etxearen azken hirigintza planean ageri den lurren sailkapenean kalifikazioa aldatu diote eremu horri, 2AU izendatuta. Horren arabera, orain eraikigarriak diren lurrak saturatzen direnean lur eremu horrek estatus hori hartuko luke.
ELB sindikatuak Safer erakunde publikoari lur eremua erosteko legez duen lehentasuna erabil dezala eskatu dio. Urruñako laborari Marie-Christine Elizondok Safer «laborarien defentsarako tresna bakarra» dela erran du, eta alde horretatik, bere eginbeharra betetzeko eskatu zion. Safer-ek salerosketa hori geldiarazteko mugaeguna urriaren 4a da.
Halaber, ELBk Herriko Etxeari ere egin dio eskaera: «Lur eremu honen zaintza eta elikatzeko ahala Basusarriko herriari uzteko galdegiten diogu, laborantzako lur gisa sailkatuz». Mizel Etxeberri aihertarra hautetsiei mintzatu zitzaien zuzenean: «Legearen alde daudela erakuts dezatela, legea saihesten ahalegindu ordez».
ELBk salmenta honen prezioa gero lurra eraikigarria izateko presioa egiteko baliatuko dela salatu du. Izan ere, egun eraikigarriak diren lur eremuak 15 edo 20 urtetan saturatuko direla kalkulatzen dute; alta, lurra erosi duen sustatzaileak bere inbertsioari bost urte barru etekina atera nahiko diola salatu du laborarien sindikatuak.
«Transakzio honek berriz ere promotoreen eta diruaren boterea uzten du agerian. Gero eta laborari gutxiago gara, eta gero eta lur eremu gutxiago gelditzen dira», salatu zuen Elizondok. Honakoa ere gehitu zuen: «Gaur egungo egoerari so eginez hiri inguruetan diren lur guztiak 2AU direla erran daiteke».
Erreferentea
«Euskal Herrian laborantza lurrak eraikigarri bihurtzen ari dira etengabe; arazoa zabaltzen ari da», salatu zuen Etxeberrik. Herri bereko Beñat Duhaldek salmenta hau erreferente bilakatzeko arriskua nabarmendu zuen: «Etorkizunerako aurrekariak sortzen ditu, nekazaritzarako lurraren salneurrirako erreferente bihurtuko da».
Espekulazioari lotuta, nekazarien lan baldintza kaskarrak salatu zituen ELBk. AMAP edo era jasangarrian landatutako bertako produktuen merkatuaren zabalkundea baliaturik hurbileko laborantzaren garapena lagundu nahi du ELBk. «Baina gero horrelako egoerekin egiten dugu topo», salatu zuten.
Egun ia bost milioi eurotan saldua izan den lur eremua laborantza lur gisa salduko balitz, metro karratuko 3 eta 5 euro arteko prezioan salduko litzateke. Hau da, 3,5 hektareak gehienera 175.000 euro balioko lukete.
«Hiri inguruetan nekazal lurrik ez dela erran daiteke, egun dena Basusarriko eremu hori bezalakoa da, edozein momentuan eraikigarria bilakatu daiteke» baieztatu zuen Marie-Chritine Elizondok laborariak.