Palestina NBEra, gerra danbor-hotsen artean
Nazio Batuen Erakundean palestinar estatuaren gaineko bozketak gerturatu ahala gerra danbor-hotsak eta monopoly-joko diplomatikoak nabarmentzen ari dira. Mahmoud Abbas presidente palestinarraren arabera, irailaren 23tik aurrera «garai latzak» datoz; Avigdor Lieberman Israelgo Kanpo Arazoetarako eskuin muturreko ministroak, bestalde, «ondorio larriak» iragarri ditu. Diplomazia ere bero-bero dabil bere antzutasuna aski argi frogatu duen aldebiko negoziazio eskemara palestinarrak erakartzeko asmotan. Ezustekorik ezean, baina, NBEko partaideek beren burua erretratatu beharko dute Palestinako auziaren aurrean. AEBek, aurrez 43 alditan egin legez, beren beto eskubidea erabiliko dute Israelen alde Kontseiluan. Batzar Orokorrean, ordea, gauzak ongi joanez gero, palestinarrek irabazi egingo dute. Eta gero, zer? Egiazki gerra etorriko ote da? Zaila da juzgu erabatekoa ematea. Sarritan, dena den, ultimatumak kontzesio berriak egiteko lehen urratsak baino ez dira.
Edonola ere, diplomaziarekin batera erresistentzia dagokie palestinarrei. Israelek, bestalde, jakin beharko luke etxekalte ari dela. Zinezko negoziazio prozesu oro lurperatuz, bi estatu subiranoen formula ezetsiz eta milioika palestinarren gaineko zanpaketa betikotuz, juduentzat estatu demokratiko bezala epe luzera bere existentzia mehatxatzen ari delako.