Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Legution kontari
Bitan edo egin genuen. Mikelazulo elkartearen eskutik haurrak bildu eta Errenteriako alde zaharreko kale zaharretan barrena eraman genituen, kale haien historia azalduz. Baina datu historikoetan sartu baino, pentsatu genuen interesgarriagoa zela historiaren istorioak kontatzea, gure herriko historia irudimenaren eta fantasiaren aldetik ezagutaraztea; horrela kale zahar horiek kontakizunez betetako lekuak izango ziren. Eta kaleetan barrena ibili ginen, kontu kontari.
Getxoko kaleak ipuinez bete genituenetik, Euskal Kontalariok, beste hainbat herri korritu izan ditugu urtez urte gure Festa ibiltariarekin. Aramaio, Pasai Donibane, Etxalar eta Bermeo heldu ziren ondotik. Guztietan ideia sinplea planteatu izan dugu: herriko kale, txoko zein aretoetan gure ipuinak eskaintzea. Euskal Kontalaritzaren ordezkariak garen kontalariak gure ipuin proposamenak erakutsiz, nolabaiteko ahozko narraziogintzaren mapa osatu nahi izan dugu. Eta festa itxura eman nahi izan genion, hitzaren festa. Hitza kalera atera modu artistikoan, irudimenaren bidetik, aurrez aurreko komunikazioan. Poteoan, kale kantoietan, plazetan kontu kontari aritzea ipuin kontatuen aldarrikapena ere bada.
Euskal Kontalariok geure burua elkarrekin ezagutzera ematea ez da bakarrik gure lan artisti- koaren ezagutarazte hutsa; bada ere ipuinen mundua herri baten bizitzari lotzeko modua, bere egunerokotasunari, bere lekuei, bere iruditeria kolektiboari. Aurten Arabako Legutiora abiatuko gara. Bertako kaleak, plazak eta tabernak hartuko ditugu. Gure ipuinak eskainiko ditugu, asteburu batez hitzaren festa ospatuz. Irailaren azken asteburuan Legutio euskal kontalaritzaren hiriburu bihurtuko dugu. Bazatoz?