GARA > Idatzia > Mundua

Kutsadura dela-eta bigarren lantegi bat geldiarazi dute protestek Txinan uda honetan

Eguzki panelak egiten dituen lantegi baten ekoizpena geldiarazi dute Txinan kutsadura dela-eta, iragan asteburuan inguruko biztanleek protesta egin ostean. Txinan industrializazioak lehentasuna duen arren, abuztuan beste enpresa bat ixtea ere lortu zuten herritarrek.

GARA

Mobilizazioen bidez, gehiegizko kutsadura eragiten zuten bi lantegi ixtea lortu dute herritarrek Txinan aurtengo udan. Hainingeko Jinko Solar lantegia, eguzki panelak egiten dituena, izan da oraingoan. Joan den abuztuan, berriz, 12.000 pertsonak protesta egin ondoren, Daliango lantegi petrokimikoa itxi zuten.

Haningetik hurbil dagoen ibai batean arrain ugari agertu ziren hilda, eta Hongxiaoko 500 biztanleek erantzukizunak argitzeko eskatu zuten ostegunean, ostiralean eta larunbatean egindako manifestazioetan. Salatu zutenez, industria-kutsadurak minbizia eragin die gutxienez 31 pertsonari, horien artean seiri leuzemia. «Jendea oso haserre dago. Duela sei hilabete kexaka ibili gara kutsadura dela-eta, baina protestan hasi garen arte ez gaituzte aintzat hartu», adierazi zuen herritar batek. Hainingko Udalak azaldu zuenez, enpresari ekoizpena bertan behera uzteko eta gasa eta erabilitako uraren isurtzeak sortzen dituzten prozedurak aldatzeko eskatu dio. Analisiek erakutsi dutenez, lantegiak fluoruro gehiegi isurtzen zuen. Gehiegizko dosian fluroruroa oso pozoitsua da.

Azken hamarkadetan, Txinan ingurumena hazkundearen eta industrializazioaren menpe egon da. Hangingko agintariek, ordea, Dalianen gertatu zen moduan, manifestarien eskaerak onartu dituzte egun gutxira, beti ere «ordena mantendu» nahi dutela esanez. Hainingen gizon bat atxilotu dute, Interneten minbiziak jotako pertsonen kopuruari buruzko zurrumurruak zabaltzea egotzita. «Egonkortasuna mantentzeko ahaleginak egingo ditugu eta lege hausteak ikertuko ditugu», ohartarazi zuen Udalak.

Hondakinak eta euriteak

Joan den ostegunean, manifestariak Jinko Solar-en lantegian sartu, eta bulegoak arpilatu eta ibilgailuak irauli zituzten. Poliziak eraso egin zien eta ostiral eta larunbatean berriro ere istiluak izan ziren.

Zhang Longgen enpresako finantza zuzendariak azaldu zuen fluoruroa lantegi kanpoaldean pilatu zela eta abuztuaren bukaeran izandako euriteen ondorioz ibaia kutsatu zuela.

«Istripua izan da. Hondakinak ez genituen une egokian kendu», adierazi zuen Zhangek, berriro ez zela gertatuko gaineratuta. «Istripuak izua sortu du biztanleengan, eta bertako Gobernuari eta langileei arazo ugari sortu die. Barkamena eskatzen dugu», azaldu zuen enpresak. 10.000 langile inguruk lan egiten dute Jiangxi eta Zheijian probintzietan Jinko Solarrek dituen lantegietan.

arauak

Hainingeko Ingurumen gaietarako bulegoko buru Chen Hongming-ek esan zuenez, lantegiak, sortzen dituen hondakinei dagokienez, ez ditu apiriletik indarrean dauden arauak bete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo