59 DONOSTIA ZINEMALDIA
Zahartzaroko bakardadea: Rocaren komikitik Ferrerasen animaziora
2008ko Estatu mailako Komiki Saria eskuratu zuen Paco Rocaren «Arrugas» lanetik abiatuta, animaziozko film luzea egin du Ignacio Ferreras galiziarrak eta Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuen atzo. Alzheimerra aitzakiatzat hartuta, zaharren egoitza batean giroturiko adiskidetasun eta bakardadeari buruzko istorio bat kontatzen du filmak. Bi autoreek komikia eta animazioa publiko guztientzat izan daitekeela aldarrikatu zuten.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Ez da ohikoa edonolako kultur espresiotan zahartzaroaren gaia jorratzea eta are gutxiago irakurle gazteei zuzenduriko komiki batean. Horregatik izan zen oso entzutetsua Paco Rocak (Valentzia, 1969) duela lau urte sortutako «Arrugas» (Zimurrak) komiki lana. Lehenengo Delcourt argitaletxearekin publikatu zuen Estatu frantziarrean («Rides») eta gero Bilboko Astiberri argitaletxearekin.
Sariak bata bestearen atzetik iritsi ziren errenkadan; garrantzitsuena, 2008ko Estatu espainiarreko Sari Nazionala. «Sari horrek hedapen zabala eman zion lanari eta normalean komikirik irakurtzeko ohiturarik ez duen jendeari ere iritsi zitzaion», azaldu zion GARAri Rocak atzo Donostian.
Hortik iritsi zen istorioa zinemara eramateko aukera. Manuel Cristobal ekoizleak harremanetan jarri zituen eta bi urte eskasean ikusi du argia Ignacio Ferrerasek zuzendutako lehenengo animaziozko filmak.
Zahartzaroari buruz hausnartzen du Rocak istorioan. Emilio protagonista, alzheimer gaitzaren lehen zantzuak dituela, zahar etxe batera eramango dute senideek eta, bertako bakardadea ezagutzen joango den adiskideekin tartekatuz joango da, gaitzak gero eta nabarmenago astintzen duen bitartean. Helburu bakarra dute berak eta bere gelakideak, erremediorik gabeko gaixoak biltzen dituzten plantara ez igotzea.
«Istorioaren pisua pertsona helduek izatea zen helburua», azaldu zuen Rocak. «Normalean kontrakoa izaten da, helduak bigarren mailan joaten dira eta ez dira sekula protagonista izaten. Erronka bat izan zen gazte guztiak bigarren maila batean uztea. Agertzen dira, baina langileak dira, seme-alabak...».
Planteamendu horrekin lortzen du Rocak Emiliok sentitzen duena publikoak bere azalean biziko balu bezala bizitzea. Protagonista jakitun da zer gertatzen ari zaion eta horrek ezinegona sortzen dio, nahiz eta erremediorik ez izan.
«Desoreka handia dago», gaineratu zuen Ferrerasek. «Bizitzaren etapei begira jartzen bagara, zahartzaroa da luzeena eta, hala ere, proportzionalki ezezagunena da. Inork ez du nahi horretaz hitz egin. Baina hor dago eta mundu guztiari iristen zaio».
Istorioan, «finean adiskidetasunaz ari gara -esan zuen komikiaren egileak-. Emiliok alzheimerra du, baina azkenean Miguel gelakidea bihurtzen da bakardadeari buruzko istorio honen protagonista. Guztiak dira zaharrak eta guztiak bizi dira zahar etxean, baina bakardadearen gaia unibertsala da».
Ferrerasek aitortu zuenez, askatasun osoa izan du bere filma sortzeko orduan. «Intentzioa komikiarekiko ehuneko ehunean fidela izatea zen. Baina horrek ez du esan nahi elkarrizketak eta anekdotak sartu ez ditugunik. Pertsonaiekiko eta istorioarekiko fidelak izan gara». Rocari bidean utzitako kontu ugari berreskuratzeko balio izan dio: «Hitzaldi askotan izan nintzen, neurologoekin, gaixoekin, egoitzetan... eta bazen material ugari hor gelditu zena. Nik informazioa pasatzen nion Ignaciori eta berak gustuko zuena hartzen zuen».
Publiko guztientzat
«Arrugas» komikiak 35.000 ale inguru saldu ditu dagoeneko. Ez da marka makala, eta bai Rocak bai Ferrerasek ere aldaketa baten adierazletzat jotzen dute datu hori. «Uste dut komikia animazioaren puntu berean aurkitzen dela. Bere garaian, komikiak irakurtzen ditugunok harritu egin ginen, `nobela grafikoa' etiketarekin helduentzako zenbat istorio dauden ikusita. Espainia harritu egin zuen `Arrugas'-ek, ez zelako ohikoa gaia komikian lantzea. Animazioan ere uste dut horixe bera gertatzen dela. Duela urte dezentetik badago helduentzako animazio lan bat, edozein gai uki dezakeena», esan zuen Rocak.
«Momentu honetan, nobela grafikoan gero eta irakurle gehiago daude aurretik sekula komikirik irakurri ez zutenak. Beste medioek ematen ez dietena topa dezaketela deskubritzen dute agian».
Kultura eta ohitura falta dagoela uste dute bi autoreek, oraindik ere ume eta gaztetxoentzako genero moduan ikusten ditugu komiki eta animazio filmak, baina, hortxe omen dago gakoa: «Genero moduan pentsatzen jarraitzen dugu animazioaz hitz egitean, eta ez da horrela, teknika bat da», argitu zuen Ferrerasek. «Teknika horrekin genero zinematografiko guztiak landu ditzakezu. Ona litzateke jendea hori ezberdintzen hastea».
Filma atzo aurkeztu zuten Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean eta gaur ikusgai izango da Kursaalen (9.30), Principen (18.30) eta Antiguo Berrin (22.45).