berezkoak
Agusti Waltarik bere sasoia eta joko bolada ikusgarria agerian utzi ditu Lekorneko Torneoko finalean ere
BIELLE-LANBERT 39
WALTARI-OZAFRAIN 50
Jon LEUNDA
Sei egunen buruan bigarren txapela lortu zuen atzo Waltarik. Bietan atzelari ezberdinak izan ditu amerikarrak, baina berak da bereizten dena, eta berdin da atzean zein aurrean izan, maila oso onean baita bera.
Atzokoan ezberdintasun handiagoak izan ziren, partida 50 kintzera jokatu baitzen. Ez dira lehengo usadio zaharrera jadanik partida asko jokatzen, baina Lekornen finalean horrela nahi dute, eta horrela egin zuten, nahiz eta atzo soberan izan.
Irabazleek oso azkar hartu zuten abantaila markagailuan, eta ez zuten batere arazorik izan horri eusteko. Tartea zabaltzen joan ziren amerikarra eta Nafarroa Beherekoa, eta partida erdirako dena erabakita zegoen.
Aurkariek zenbat kintze egingo ote zituzten jakitea bakarrik falta zen, eta azken aldera erritmoa jaitsi egin zuten, bai bazekiten txapela beraientzat izango zela. Horretaz baliatu ziren galtzaileak markagailua apur bat itxuratu ahal izateko, bestela oraindik ere dezente handiagoa izango zen bien arteko aldea.
Waltari izan zen finaleko onena, eta bera izan da torneoko handiena ere. Finalerdietan ongi aritu zen, baina atzo guztien gainetik agertu zen. Saketik hamar kintze lortzeaz gain, jokoan beste hogei ere lortu zituen, eta horrek erakusten du berak zer nolako partida egin zuen.
Patrick Ozafrain ere finalerdietan baino askoz ere hobeto aritu zen atzokoan. Atzean Lanbert hasieratik hartu zuen mendean eta horrek eman zion konfiantzarekin norgehiagoka oso txukuna burutu zuen Bankako atzelari beteranoak.