GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Izeta II.ak antzinako harriekin maisua dela erakutsi du

Jon LEUNDA

Izeta II.ak aparteko arazorik gabe irabazi zuen Mutrikuko Kalbaixo auzoan jokatu zen lehenengo torneoa. Eguna biribila izan zen Izetarentzat, bigarren bere semea sailkatu baitzen. Aritza harri-jasotzaile izandakoak erabilitako hiru harrirekin aritu ziren lanean, eta norgehiagoka oso polita eskaini zuten kirolariek.

135 kiloko koadro zaharra, 96 kiloko kubiko zaharra eta 100 kiloko zilindro zaharra erabili behar izan zituen kirolari bakoitzak, eta lanerako hiruna minutu izan zituzten harri bakoitzarekin.

Izeta II.a izan zen onena hiru harriekin, eta denei denetan alde dezentea kendu zien. Koadroari 15 jasoaldi eman zizkion, 28 kubikoari eta 34 zilindroari. Guztira 77 jasoaldi egin zituen, 8.134 kilo.

Emoziorik handiena bigarren posturako lehian izan zen, Izeta IV.aren eta Beliosoren artean. Azkenean, Izetak eskuratu zuen podiumeko bigarren maila. Koadroari Beliosok 14 jasoaldi eman zizkion eta bat gutxiago Hodeik. Zarauztarrak, ordea, kubikoa 26 aldiz berdindu zuen bizkarrean, eta lauren tartea kendu zion Beliosori. Honek, zilindroarekin gehiago jaso zituen, 33 eta 31 Izetak, baina zarauztarrak kubikoarekin atera zuen tartea erabakigarria izan zen. Izeta IV.ak 70 jasoaldi egin zituen guztira, 7.370 kilo jasoz, eta Beliosok, berriz, 69 lortu zituen, 7.321 kilo bizkarrean berdinduz.

Izeta III.ak eskuratu zuen laugarren postua. 11 aldiz jaso zuen errektangularra, 23 aldiz kubikoa eta 30 aldiz zilindro zaharra. Guztira 64 jasoaldi egin zituen, eta 6.700 kilo bizkarreratu zituen.

Bosgarren Urrutia sailkatu zen. Guztira 58 jasoaldi lortu zituen, 9, 19 eta 30. Denera, 6.054 kilo jasotzea lortu zuen. Seigarren sailkatu zen Ugartemendia. Honek 47 jasoaldi egitea lortu zuen. 7, 17 eta 23. Denera, 4.808 kilo jaso zituen. Azkena Calvo geratu zen, 41 jasoaldirekin. 7, 15 eta 19. Denera, 4.216 kilo bizkarreratu zituen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo