GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Bi albiste

Telebistan ikusi nuen Rodriguez Zapatero presidente espainiarrak Madrilgo Kongresuan, kazetarien aurrean, egin zuen agurra: «Ondo doakiela denei, batez ere behartsuenei». Zergatik behartsuenei batez ere?, bururatu zitzaidan. Zer dela-eta bereizkeria hori? Ez al dugu denok ondo joan dakigun eskubide bera? A, bai, sozialista baita, gogoratu zitzaidan. Izan ere, sozialistak behartsuenen alde (bakan batzuk haien aldean) agertzen dira, agertu behar dute. Hala ere, eskuindarrak ere agertzen dira behartsuenen alde. Eta aberatsak. Eta, sozialistek bezala, onena opa diete (dirutan ez bada, ordea, diruak ez du-eta zorionik ematen). Beraz, behartsuenen alde agertzea ez da sozialisten ezaugarria. Gainera, eskuinak eta aberatsek bezala, Zapateroren Gobernuak ere lan asko egin du behartsuak behartsuago izan daitezen, eta behartsu gehiago izateko. Eta, horretara, zentzu handiagoa du ondo doakiela opatzea.

Telebistatik begirik kendu gabe, albistegi berean, Troy Davis estatubatuar beltzaren exekuzioaren berri eman zuten. Esatariak aurpegi serioa egin eta esan zuen Davis, heriotza korridorean 20 urte eman ondoren, hil egin zutela... «haren erruduntasunaren gainean zalantza asko zeuden arren». Ez dakit albistegi horren editoreak, edo telebista kate horretako zuzendariak edo jabeak heriotza zigorraren aurka agertu nahi zuten ala ez, baina uste dut baietz, heriotza zigorraren kontrako mezua zabaldu nahi zutela. Hala ere, esaldiak, hartan inongo asmorik igarri gabe, esan nahi du Davisen erruduntasunaren gainean horrenbeste zalantza ez balego, normala izango litzatekeela hiltzea, gutxi gorabehera. Eta heriotza zigorraren aurka egotea ez da erruduntasunaren gaineko zalantzak daudenean salatzea, erruduntasunaren gaineko erabateko ziurtasuna egonda ere salatzea baizik. Edonola ere, Davis ondo hilda dago (ez dut esan nahi ondo dagoela hura hil izana, jakina, erabat hilda dagoela baizik), eta ikaragarria iruditzen zait heriotza zigorra ondo dagoen ala ez gobernadore batek, edo Georgiako biztanle guztiek, erabakitzea.

Gurean, bestek hildako lagun ugari daude, denak ondo hilda (erabat hilda alegia), baina zenbaitek alboratu egiten dute begirada horietako hainbatengandik, nahikoa hilda ez baleude bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo