Floren Aoiz | www.elomendia.com
Erantzunetatik harago
Probokazio eta erasoetatik harago begiratu beharra dago. Egoera honetara iritsi bagara unearekiko menpekotasuna gainditu eta luzera pentsatu, begiratu eta jarduteko gaitasunagatik izan da
Lehia politikoaren gako nagusietako bat dugu agendaren kontrola. Eragileek agenda ezartzeko ahalmena izan nahiko lukete, badakitelako honek abantaila handia eskaintzen diela. Halaber, erritmo eta ikuspegiaren jabe bilakatzea onuragarria izaten da. Baina, hori lortzerik ez duenak, besteen ibilera baldintzatzea gaitz-erdi jo dezake. Gaur egun, sakoneko krisian murgilduta, ezinezko egiten zaio Estatu espainolari agendaren gako nagusiak ezartzea. Kanpotik iristen zaizkio erronkak. Batzuk, kapital eta merkatuen mundutik, agindu edo mehatxu gisa. Konstituzioaren erreformarekin ageri denez, espainiar politikari gehienak erabakitzeko borondaterik gabeko morroiak dira. Berdin da, gainera, zein alderditakoak diren: aski da irizpide argi bat diruaren aitzin belaunikatzeko.
Hauek ez dira, berriz, erronka bakarrak. Beste batzuk Euskal Herritik datozkie espainiar agintariei, estatuarekiko atxikimen gaitasunaren erorketaren bidetik. Errepresioan oinarritutako agenda gaindituta gelditu delarik, politikak protagonismoa berreskuratu duelarik, sabotaje lanari ekin dio estatuak.
Ezker abertzalearen ibilbidea oztopatzeko saio guztiek porrot egin dute. Estatuak ezin izan du abiatutako operazio politiko aldatzailea geldiarazi. Saiatzen jarraitu du, berriz, eta horixe egiten segituko du. Pentsa dezakegu eskura duen tresna bakarra delakoan egiten duela, baina, hala izan ala ez, egoera zailari egin behar dio aurre, ematen duen kolpe errepresibo orok estatuaren ahultzea baitakar, bestelako asmorik izan arren.
Erasoek min egiten dute. Hori ukatzea ergelkeria litzateke. Atxiloketek, zigor epaiek eta, oro har, jazarpen guztiek jende askoren bizitzak kaltetzen dituzte. Nabarmena da ezker abertzaleak jasaten duela Alderdien Legea eta bestelako kriminalizazioen zama. Ez ditu beste eragileek dituzten aukerak, gaur egun, oraingoz ere, ezker abertzalearekiko atxikimena pertsegituta dagoelarik.
Baina, hori egia izanik ere, ezker abertzalea indartsu dago, duela urte batzuk baino askoz ere indartsuago. Estrategia egokitu du, badaki non kokatu diren bere akatsak, zuzendu eta gainditzen ari da akats hauek eta, agertoki politikorako plan on bat dauka. Begi bistakoa da plan honek oinarri sendoak dituela, dagoeneko fruitu ikusgarriak eman ditu eta. Izan ere, kriminalizatuta egonda ere, iniziatiba politikoa hartu du ezker abertzaleak.
Estatuak ezin dio bidea guziz itxi. Alferrik aritu da hori lortu nahian, eta, orain, errepresio eta blokeoaren bidez, zailago jarri nahi dio bidea. Ezin du iniziatiba politikoa hartu, baina errepresioaren bidez, erantzun jardueran ito nahi du.
Horregatik, probokazio eta erasoetatik harago begiratu beharra dago. Egoera honetara iritsi bagara unearekiko menpekotasuna gainditu eta luzera pentsatu, begiratu eta jarduteko gaitasunagatik izan da. Aurrera jarraitzeko gakoa bide beretik etorriko delakoan nago.
Erantzunak beharrezkoak dira, jakina, baina erantzunik onena estrategia zuzena da. Helburu argien araberako begirada luzea, hots.